Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Herri mailako Sarek egin zuen moduan, Azkoitikoak ere «sentsibilitate desberdinetako norbanakoak» bildu nahi zituela jakinarazi zuten azaroan, eta antolatzaileen ustez, lortu dute. Izan ere, hainbat arlo eta joeratako azkoitiarrek egin dute bat ekimenarekin: besteak beste, Xabier Arzallus Euzkadi Buru Batzarreko lehendakari ohiak, Felix Azurmendi Azkoitiko parrokoak, Ramon Unanue eta Pello Bastarrika EAJko eta Bilduko alkate ohiek, Xabier Euzkitze kazetariak, Anari abeslariak eta Jokin Errasti pilotari oih eta telebistako esatariak. Bihar sortuko da Azkoitiko Sare, Elkargunean egingo duten aurkezpenarekin, eta han egongo dira mugimendua babestu duten gehienak, tartean Arzallus bera.
Euskal preso, iheslari eta deportatuen giza eskubideak errespetatuak izan daitezen lan egiteko asmoarekin sortuko da mugimendua, eta herritarrena, norbanakoena izatea nahi dute, «gizarte zibilaren txanda» delako. Hala, beste dozenaka norbanako ere mugimendura batu dira, tartean Eduardo Zubizarreta, Jose Ramon Aranbarri eta Iñaki Lopez medikuak, Elizabet Juaristi eta Fernando Tapia unibertsitateko irakasleak eta Romualdo Larrañaga ELA sindikatuan ibilitakoa eta Caritaseko kidea.
Antolatzaileek azpimarratu dute aurreikusi baino harrera hobea izan duela ekimenak, eta «mugarria» izan nahi dute herrian. «Ilusioz betetik gaude, ulertu baitugu preso eta iheslarien eskubide urraketekin amaitzeko lanean Azkoitiko sentsibilitate ezberdinak batzea posible dela», diote.
Gizartearen «zati handi bat» espetxe politikaren aurka dagoelakoan dira, eta beraz, gaia azaleratzeko ahalik eta herritar gehienengana iritsi nahi dute. Jakin badakite babestu duten jendea «esanguratsua» eta «anitza» dela, eta horrek ate ugari zabalduko dizkiela azpimarratu dute: euren mezua zabaltzen lagunduko dietela azpimarratu dute: «Pertsona hauen atxikimenduak gure mezua zabaltzen lagunduko du, babes handia izango da aurrera begira». Egindako lana ez ezik, garaia ere «anbizio handikoa» dela azpimarratu dute: «Preso eta iheslarien giza eskubideak errespetatuak izateak garrantzia berezia du une hauetan. Are gehiago, herri honek horrenbeste desio eta behar duen konponbidea hauspotu ahal izateko ezinbesteko urratsa denean».
Bihar, 11:30ean hasiko da aurkezpena, Elkargunean. Azkoitiko Sareren helburuetako bat da herritarrak sentsibilizatzea, eta horretarako, senideak preso dituzten hainbat azkoitiarrek euren errealitatea azalduko dute bertan. Era berean, Joseba Azkarraga Eusko Jaurlaritzako Justizia, Lan eta Gizarte Segurantza sailburu ohiak bideo bidez zabalduko du bere mezua.