Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
San Tomas Eguna gerturatzen ari da, eta urtero bezala, egitarau zabala antolatu dute eskualdeko hainbat herritan. Txistorra eta taloak dastatzeko postuez gain, dantzariak, triki poteoak, pilota partidak, haurrentzako puzgarriak eta txistor lehiaketak egongo dira, besteak beste.
Azpeitian ohiko txistorra eta talo postuak eta baserritar produktuen azoka antolatu dute. Sarientzako ere tartea egongo da. Izan ere, aurtengo Antzerki Topaketa irabazi duen Lakrikun Antzerki Taldeari saria emango diote udaletxean Non gaude? antzezlanarengatik. Aurtengo Euskal Herriko Dantza Suelto Txapelketako irabazleak azpeitiarrak izan dira eta, horregatik, udalak harrera egingo die Amets Amubieta eta Mailaren Aldalur gazteei. Arratsaldean, berriz, Azpeitiko Dantza Suelto Txapelketan omenduko dituzte.
Urtero egiten den moduan, musikaz alaituriko eguna izango da igandekoa: bertsolariak entzuteko aukera egongo da Azpeitiko plazan, eta Sebastian Lizaso bertsolaria ariko da gai jartzaile. Itsasiko ttuntturroak eta Juan de Antxieta Musika Eskolako soinu-jotzaileak ere ibiliko dira herriko kaleetan zehar giroa berotzen.
Goiz partean, Azpeitiko Gaztetxetik abiatuko dira trikitilariak, eta horiek ikusteko eta entzuteko aukera ere egongo da herriko kaleak alaitzen. Bestalde, eguerdi partean, erraldoiak, buruhandiak eta dultzainariak egongo dira.
Azkargorta gogoan
Irailean hil zen Patxi Azkargorta Azpeitiko Ilunpe Pilota Elkarteko aurreneko lehendakaria. Horregatik, elkarteak I. Patxi Azkargorta Memoriala antolatu nahi izan du San Tomas Egunerako. Sari banaketaren momentuan, Azkargortaren senideei plaka bat emango diete. Pilota partidak 10:30ean hasiko dira Azpeitiko Frontoi Txikian, eta hainbat mailatan banatuta jokatuko dituzte partidak: aurrebenjaminak, benjaminak, alebinak, infantilak eta kadeteak.
Bestetik, herri kirol ikuskizun bat antolatu dute Izarraitz Pilotalekuan. Bertako saioak 12:30ean hasiko dira, eta besteak beste Aimar Irigoien harrijasotzaile errezildarra Manterolaren 150 kiloko zilindro zaharrarekin, Zelairen 122 jasoaldiko marka hausten saiatuko da.
Ekitaldi horretan bertan, Mikel Larrañaga eta Olasagasti aizkolariak eta Idoia Etxeberria eta Goenatxo III.-a harrijasotzaileak ere ariko dira lanean. Ondoren, proba mistoriari emango diote hasiera. Bertan, Mikel Larrañagak eta Olasagastik, Goenatxo III.-aren eta Aimar Irigoieren aurka lehiatuko dira hurrenez hurren. Hauek 5 enbor ebaki eta 113 kilo kubikoko 20 jasoaldi egin beharko dituzte. Ikuskizunerako sarrerak salgai daude Mendizabal erretegian, 20 euroren truke.
Kostaldean ere festan
Zarautzen, Getarian eta Zumaian ere ospatuko dute San Tomas Eguna. Getarian aurrea hartuko diote baserritarren egun handiari, eta bihar bertan egongo da taloak eta txistorra jateko aukera Berdura Plazan, Gure Txeru elkartearen eskutik.
Zarautzen eta Zumaian, berriz, igandean ospatuko dituzte jaiak. Zarautzen AEK-k antolatuta, nekazari eta artisauen postuaz gain, Urola Kostako txistor lehiaketa eta beste hainbat ekintza ere egongo dira Lege Zaharren Enparantzan.
Zumaiko Alai Kultur Elkarteak, berriz, adin guztiei zuzendutako egitaraua antolatu du Alai auzoan. Haurrentzako puzgarriak, triki poteo alaia eta harrijasotzaileen ikuskizuna eskainiko ditutze, besteak beste.