'Errugbia' erakusketa (Daniel Maigne).
Zarauzko Argazki eta Zinema Museoaren urteko azken erakusketak askorentzat kirolik nobleenari egiten dio erreferentzia. Izan ere, Daniel Magnie argazkilari frantsesaren
Errugbia lana paratu berri dute, asteartean inauguratu baizuten, eta urtarrilaren 11ra bitartean izango da ikusgai. Ikusleak, ordea, ez du kiroletako ohiko argazkiekin topo egingo. Egileak Frantziako errugbiaren funtsa erakusten du, argazkigintza dokumentalaren mugetan eta argazkigintza zuzenak sendoki eraginda. Oro har, errugbi talde baten errituen lekuko gisa.
Kameraren objektiboa batez ere jokalariengan zuzentzen du, «aktoreak eta tragediako maisuak» haiek direla sentitzen duelako. Horregatik, prestaketatik hasi eta partida amaitu ondorengo unera arteko pauso guztiak erakusten ditu: entrenamendu saioak, partidaren borroka, izerdiz eta ahaleginez nekatutako aurpegiak eta aldageletako aurretiko uneak, baita ondorengoak ere. Errugbiaren ikuskizun osoa erakusten duten irudi indartsuek eta zirraragarriek osatzen dute erakusketa. Argazki horiek guztiak egilearen Ovale sailekoak dira, eta zuri-beltzean jasota ikus daitezke Photomuseumen.
Maignerentzat bizitzaren arketipoa da errugbia: «Primitiboa eta garaikidea da aldi berean. Jokalarientzat hastapeneko erritua da, senidetasuna eta estimua bultzatzen duena, baita aurkarien artean ere. Azken finean, gizartean bertan erabili beharreko errespetu moduko bat da».
Sormen artistikoa
Profesional gisa enkarguz lan egin izan du Maignek, enpresentzat, erakundeentzat eta partikularrentzat irudiak sortzen. Jarduera horiez haratago, bere alderdi artistikoa lantzeko borondatea erakutsi du, ikerkuntza pertsonaleko lanetan murgilduz. Sormen propioko lanen artean honakoak nabarmendu daitezke:
Ovale (errugbiko argazkiak bertakoak dira),
Vents du Sud, Cathedrale,
X&Y eta
Panorama Fotografico de la Vertiente Iberica de los Pirineos.
Horren harira, bakarkako erakusketa ugari aurkeztu ditu: besteak beste, Auch-eko Cuzin kultur zentroan, 1993an eta 1997an; Toulouseko Forum galerian 1996an; Arlesko Argazkigintzako Eskola Nazionalean, 1997an; eta Villeneuve d'Ascqen eta Evryko Agora antzokian, 1998an. Bere artxiboak Parisko Metis agentziak banatzen ditu.