Zarauzko Udalak ongizatera aurten baino 200.000 euro gehiago bideratuko ditu 2015ean

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko abenduaren 18a

Salberdingo urbanizazio proiektua idazteko 190.000 euro bideratuko ditu Zarauzko Udalak 2015ean (Aritz Mutiozabal/Hitza). Zarauzko Udalak baditu 2015erako aurrekontuak, EH Bildu eta PSE-EE akordio batera iritsi baitira. Hala, atzo onartu zituzten behin-behinean, gehiengoz. Guztira 34. 017.475 milioi euro izango ditu erakundeak—aurten baino %2,5 gehiago—. Iñaki Eizagirre Ogasun zinegotziak zerrendatu zituen ildo nagusiak. Ongizateko laguntzetara aurten baino 200.000 euro gehiago bideratuko dituzte, guztira 412.000 euro. Hortik gizarte beharretarako laguntzetarako 138.000 euroko partida jaso dute, norbanako laguntzetarako 110.000 euro—iaz 65.000 euro— eta eskola materiala erosten laguntzeko 125.000 euro, besteak beste. Horrekin batera herriko arlo sozioekonomikoa sustatuko dute (100.000 euro) eta langabeziaren kontrako programa (150.000 euro) abian jarriko dute. 34 milioi eurotik 2,8 milioi euro inbertsioetara bideratuko dituzte. Alor guztietan inbertituko dute, baina nabarmentzekoak dira kultura, hirigintza, parekidetasun eta kirol arloetan egitekoak direnak. Kulturari dagokionez, Modelo behin betiko erosteko 385.000 euro baliatuko ditu erakundeak. Errotaberri sustatzeko (105.000 euro) eta Salberdingo urbanizazio proiektua idazteko  (190.000 euro) ere jaso dituzte partidak, eta baita Itxasmendi sarreran biribilgune bat egiteko proiektua idazteko (30.000 euro) ere. Santa Klarako pasabidea lurperatzeko ere partida bat finkatu dute. . Halaber, Berdintasun Plan berria idazteko 20.000 euro bideratuko dituzte, eta 70.000 euro Emakume Txokoa sortzeko. Bestalde, aurrekontuetan isla zuzena ez badu ere, horiek aurrera eramateko PSE-EErekin lortutako akordioan jaso dute Neguetxearen ordutegia zabaltzea. 21:00etan beharrean, 18:00etan zabaltzea dute helburu. Kirol arloan, esaterako, kiroldegiko makinaria berritu (30.000 euro), eta Lizardiko instalazioak (40.000 euro) eta Astiko  aldagelak eta gimnasioa (200.000 euro) atonduko ditu udalak 2015ean. PSE-EErekin adostuta «Garaiotan aurrekontu okerrena aurrekonturik ez izatea da». Horregatik abstenitu zen PSE-EE, eta hala, gehiengoz onartu zituzten aurrekontuak—PP, EAJ eta Ezker Anitzak kontra bozkatu zuten—. 26 emendakin aurkeztu zituen eta horiek koalizioak «gutxi gorabehera» jaso dituela esan zuen Patxi Elolak. Horiek sozialisten aurrekontuak ez badira ere, «egokiena» herritarrei  aurrekontuak ahalbideratzea dela argudiatu zuen. Juan Luis Illarramendi alkateak adierazi zuen udal gobernuak akordioetarako gaitasuna duela, eta «pozgarria» dela aurrekontuak onartu izana, hala 2015ean «kudeaketa normaltasunez egiteko». 2015EKO AURREKONTUAK: - Aurrekontu orokorra. 34.017.475 euro. - Inbertsioak. 2.804.000 euro. - Kultura. Modelo erosteko 385.000 euro eta bertako egokitzapen lanetarako eta proiektua idazteko 70.000 euro. - Hezkuntza. Orokieta eta Haur Eskolako lanetarako 140.000 euro. - Hirigintza. Biotopoko pasabidea egokitzeko 100.000 euro; Errotaberri sustatzeko 105.000 euro; Salberdingo urbanizazio proiektua idazteko 190.000 euro;  Itxasmendko biribilgunearen proiektua idazteko 30.000 euro; Mendilauta inguruko urbanizazio lanaren proiektua idazteko 300.000 euro; malekoiko zorurako 80.000 euro; parke estalia martxan jartzeko 50.000 euro;  torreoia egokitzeko 20.000 euro eta asfaltatze lanetarako 100.000 euro. - Parekidetasuna. Berdintasun plan berria idazteko 20.000 euro eta Emakume Txokoa eratzeko 70.000 euro. - Kirola. Kiroldegiko makinaria berritzeko 30.000euro; Lizardi inguruko instalazio berrirako 40.000 euro; Astiko azpiegitura berrietarako 110.000 euro; Astiko aldagela eta gimnasioa berritzeko 200.000 euro eta igerilekuko obrarako 140.000 euro. - Argiteria eredu berria zabaltzeko. 160.000 euro. - Astiko zuhaitz parkerako 150.000 euro. - Sustapen sozioekonomikoko laguntzak. 100.000 euro. - Langabeziaren kontrako programa. 150.000 euro. - Ongizateko laguntzak. Guztira, 412.000 euro. - Gizarte larrialdietarako laguntzak. 138.000 euro. - Norbanakoentzat laguntzak. 110.000 euro. - Garapen bidean dauden herrialdeetarako 170.000 euro. - Eskola materiala erosteko laguntzak. 125.000 euro. - Udako jangela. 29.000 euro. - Zorraren ordainketa. 2.512.000 euro. Egun 15,5 milioiko zorra du udalak. - Sorospen zerbitzua. Langileen lan baldintzak hobetzeko 80.000 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide