«Politikan sartu banaiz izan da, neurri handi batean, plan estrategiko hau lortzeko. Kostatu da, baina egina dago. Aurrerantzean lana izango da hor zehazten diren ekintzak gauzatzea, baina erraminta landuta dago. Lehen ez zegoen ezer; orain inork ezingo du esan ez dagoela lanerako oinarririk». Legealdiko helburu nagusia beteta, pozik dago Zumaiako Ingurumen zinegotzi Aitor Leitza.
«Ingurumena lantzeko lanabesa da plan estrategiko hau», hasi da esplikatzen. «Urolako itsasadarrean ingurumena hobetzeko hainbat ekintza zehaztu dira, eta plan estrategikoak ahalbidetuko du horiek aurrera ateratzea. Esate baterako, ekintza batzuk jabego pribatuko lur eremuetan planteatzen dira; akordiorik ez badago, lur horiek desjabetzeko ahalmena ematen du planak».
Erakunde publikoen onespena jaso du plan estrategikoak, eta azaroko plenoan berretsi zuen behin betiko Zumaiako udalbatzak. «Orain bi hilabeteko epea zabaltzen da epaitegian, norbaitek helegiteren bat egin nahi badu. Hor epaileak erantzun beharko du, udalak amaitu du bere bidea».
Plan estrategikoa osatu eta aurrera ateratzeko bide luzea egin behar izan dute. Inplikatutako erakunde gehienek oso jarrera ona erakutsi dutela dio Leitzak, baina ez du iritzi berbera Jaurlaritzako Portu Zuzendaritzaz. Mahai teknikoan gonbidatuta egon arren ez zuten parte hartu. «Helegiteak jartzeko orduan ere Portu Zuzendaritzak ez zuen inolako ekarpenik egin». Udalak behin-behineko onarpena egin ondoren aurkeztu zituen bere helegiteak: «Jaurlaritzari zegokion plana onartzea, eta azken unean bidali zizkiguten beraien zuzenketak, prozesu guztia sei edo zazpi hilabetez atzeratuz. Batetik, guk proposatu genuen Arranpla aldean bainurako eremu bat zehaztea, buia bitartez. Erantzuna da hori ezinezkoa dela, portuetan bainua debekatuta dagoelako. Bestetik, Santiagoko hondartzara jaisteko arrapala egin ondoren, padura ondoko bidea soilik oinezkoentzat egokitzea proposatu dugu. Portu Zuzendaritzak ibilgailuentzat mantentzea eskatu du».
Getariako Udalarekin ere izan da arazorik: «Haiek ulertzen zuten beraien mugetan sartzen ginela eta planak ondorioak izan zitzakeela beraien eskubideetan, baina ez da horrela. Hiruzpalau hilabete kostatu zitzaigun konbentzitzea».
Lehen ekintzak
Planak hamabi ekintza nagusi jasotzen ditu, baina denak ezingo dira berehala gauzatu. Santiagoko hondartzako irisgarritasuna konpontzea izan daiteke lehena: «Hondartzara jaisteko arrapala datorren urtean egingo dutela agindu digu Kosta Zuzendaritzak. Berez, aurten ziren egitekoak, baina joan den neguko denboraleek eragindako kalteei aurre egin behar izan zieten, eta ez zen beste ezertarako dirurik gelditu. Hitza eman digute; ikusiko dugu betetzen duten». Artadian dagoeneko nahikoa aurreratuta dauzkate bidezidor batzuk. «Jabeekin akordioa erabat ixtea falta da, baina bideratuta dago», azaldu du Leitzak. Hegaztiak ikusteko behatoki bat jartzeko aukera ere aztertzen ari dira, Basusta aldean.
Korta industrialdeko Garbigunetik irletara doan lursaila marearteko gune bizi bihurtzea da planak jasotzen duen ekintzarik garrantzitsuena. Bi milioi eurotik gorako aurrekontua behar da lurrak desjabetzeko eta berreskurapen lanak egiteko. «Badakigu ez direla garairik onenak inbertsio handiak egiteko. Pazientzia beharko da. Baina planak ateak zabalduko ditu finantzazioa lortzeko, tramitazioak asko erraztuko ditu, ekintza plana dagoeneko zehaztuta dagoelako. Eta bada garaia Jaurlaritzak Zumaiako itsasadarrean ingurumena berreskuratzeko ekintza garrantzitsuren bat egin dezan. Inbertsio handiak egin ditu gainontzeko itsasadarretan; Zumaian bat ere ez».
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide