TSko langileek agerraldia egin dute Donostian
(TSko langileak)
"Uda aurretik kaleratu gintuzten arren, TSko langileak gara hemen aurkitzen garenak. Geurea dena berreskuratzeko eginahalak egiten ari gara, eta egingo ditugula ozen esan nahi dugu, batzuk ikusi ere egin nahi ez gaituzten arren". Hala hasi dute Zestoako TS Fundicioneseko langileek Donostiako Auzitegi aurrean egin duten agerraldia. Epaileak eta konkurtso administratzaileak lantegia erosteko aurkeztutako bi proiektuak alboratu ondoren, langileek helegitea aurkeztuta daukate, baina oraindik erantzunik ez dutela jaso jakinarazi dute. "Informazioa jasotzeko bilera bat eskatu diogu, baina ukatu egin digu", gaineratu dute.
Urtarrilaren 5ean amaitzen da lantegia erosteko eskaintzak egiteko bigarren fasea, eta epaileak proiekturik onartzen ez badu, "txatar moduan" salduko dute lantegia. Honen aurrean, mobilizazioak hasiko dituzte: batetik, sinadura bilketa hasi dute eskualdean, prozesuan lanpostuak lehenetsi ditzaten eskatuz. Era berean, abenduaren 26an, Soro Peri Egunean, manifestazioa egingo dute Zestoan, 12:00etan.
Orain arteko prozesuaren irakurketa egiterakoan, epaileak aurkeztutako eskaintzak hobetzeko aukera ez eman izana "arduragabekeria handia" dela azpimarratu dute, prozesua bi hilabete atzeratzea eragin duelako. "Ez dakigu honek TS Fundiciones irekitzeko azken aukera ixten duen ala ez". "Interes espekulatiboa" gailenduko denaren beldur dira, eta eurekin "jolasean" ari direla sentitzen dute. Horren aurrean, "interesen eta diruaren gainetik" lanpostuak lehenetsi ditzaten eskatu dute beste behin.
Lehiaketa fasea "luze" doala-eta, "egonezina aregotzen" ari zaie, baina "burua hotz eta bihotza bero" dute oraindik. TS Fundiciones bideragarria delakoan, lanpostuen alde borrokan jarraituko dutela berretsi dute.