Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Aurten lehenbiziko aldiz herriko sozioekonomia bultzatzeko diru laguntzak prestatu ditu Zarauzko Udalak. Herenegun bukatu zen horiek eskatzeko epea, eta Iñaki Eizagirre Ogasun zinegotziak horren balorazioa egin du. Jakinarazi duenez, hiru lerrotan emango dituzte diru laguntzak. Batetik, enpresa eta proiektu berriak diruz lagunduko ditu udalak. Zentzu horretan, Zarautzen helbideratuta dauden 21 enpresak eskatu dute laguntza hori, mota ezberdinetakoak guztiak. Irekiera lizentziaren araberako diru kopurua emango die bakoitzari.
Bestetik, kontratazio berriak egin dituzten enpresei emango die udalak laguntza. Baldintza bat jarri zuten horretarako: gutxienez lau hilabeteko kontratuak egin beharko dituztela horiek. Hilabete bakoitzeko 100 euro jasoko ditu enpresa horrek. Horrez gain, kontratatua emakumezkoa, hogeita hamar urtetik beherakoa, berrogeita bost urtetik gorakoa ala ezgaitua baldin bada zein hiru urtetik gora Zarautzen erroldatuta baldin badago, jasoko duen laguntza areagotzeko aukera izango da, hain zuzen, %20. Guztira, enplegua sustatzeagatik 112 diru laguntza eskaera jaso dituzte. Horietatik 44 eskaera emakumeak kontratatzeagatik dira, 24 eskaera 30 urtetik beherako gizonezkoak enplegatzeagatik, 13 eskaera 30 urtetik beherako emakume kontratatzeagatik, zazpina 45 urtetik gorako gizonezko eta emakumezko kontratatzeagatik eta eskaera bat ezgaitasunen bat duen pertsona enplegatzeagatik. «Oso positiboa da, horrek esan nahi duelako 2014an 112 kontratu berri egin direla, gutxienez lau hilabeterako», nabarmendu du Eizagirrek.
Hirugarren diru laguntza lerroa aurten enpresan egokitzapenak egin dituztenei zuzenduta dago. Kasu honetan, hamar eskaera jaso ditu udalak. Horren zenbatekoa ere zerga eta tasen araberakoa izango da.
Guztira, 86.000 euroko partida gorde du erakundeak 2014an herriko sozioekonomia sustatzeko.
Langabeziari aurre egiteko
Eizagirrek modu positiboan baloratu du ekimen berria: «Datuak kontuan izanda, ikusi dugu merezi duela halako diru laguntzak ematea». Ikusita eskaera asko jaso dituztela, eta gehiago aurkez daitezkeela, 2015ean diru laguntza hori areagotzeko asmoa du udalak. Hori datorren urteko aurrekontuak onartzen badira egingo dute—atzo ziren horiek aztertzekoak—. Aurrekontu horiek onartuz gero, 100.000 eurora igoko dute diru laguntza lerro hori.
Horrekin batera, langabeziaren kontrako programa berezia nahi du aurrera eraman. Ogasun zinegotziak jakinarazi du 2014an Gipuzkoako Foru Aldundiak eman duela horretarako diru laguntza— 75.000 euro –, baina datorren urtera begira oraindik ez dituela aurrekontuak erakunde horrek. Horren zain egon gabe, Zarauzko Udalak 150.000 euro jasoko ditu langabeziaren aurka egiteko.
Laguntza hori udalak kontratazio berriak egiteko baliatuko dute, lehiaketa publikoa egin ondoren. Laguntza horiek profil jakin bat dutenei emango dizkiete, «egoera zailenetan» aurkitzen diren langabetuei: gazteei, helduei, emakumezkoei eta luzaroan lanik gabe daudenei.