Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gabonen atariko hitzordu berezia izaten da Zarauzko Putzuzulo Amets Fabrikan egiten duten Kopla Txapelketa, eta aurten ere ez dute hutsik egingo. Zortzigarren urtez antolatu dute saioa, eta ohi bezala, Euskal Herriko hamar bertsolari zintzarri preziatua lortzeko lehiatuko dira. Bihar gauean egingo dute Kopla Txapelketa, 22:00etan, baina bertara joateko aurrez erosteko txartel guztiak agortuta daude. Dena den, antolatzaileek jakinarazi dute egunean bertan beste hainbat txartel jarriko dituztela salgai, 19:00etatik aurrera, Putzuzulon bertan. Sei euroko prezioa izango dute.
Aurreko urteko irabazleaz eta Zarauzko bertsolari batez gain, Euskal Herriko hainbat lekutako zortzi bertsolarik hartzen dute parte proban. Iaz Sustrai Colina izan zen txapelduna, eta herriko bertsolaria Beñat Jauregi Fede izango da aurten. Horiekin batera izango dira taula gainean Erika Lagoma, Amaia Iturriotz, Iñaki Murua, Aimar Karrika, Paula Amilburu, Gorka Ostolaza Potxis, Unai Gaztelumendi eta Maddi Sarasua. «Euskal Herriko probintziak eta gizon eta emakumeen parekidetasuna errespetatzen ahalegintzen gara», esan du Yoseba Peña antolatzaileak.
Era berean, aurreko urteetako parte-hartzaileak ez errepikatzen ere saiatzen dira, eta urtez urte izen handiko bertsolariak izan dira Kopla Txapelketan. Horrek sor ditzazken oztopoen jabe ere badira, ordea: «Aurten, lehen lerroko bertsolari askorik ez dago». Horri aurre egin nahian, aurrera begira formatua aldatzeko asmoa dutela adierazi dute.
Giro ona ziurtatuta
Euskara Astearen barruan egiten dute Kopla Txapelketa, eta urtez urte ospea hartzen joan da. «Jende asko etortzen da, herrikoak ez ezik, ingurukoak ere elkartzen baitira. Izan ere, badakite giro polita egoten dela eta bertsolariek guztia ematen dutela. Gaztetxea ere leku beroa da halakoetarako». Hain zuzen, txapelketak daukan formatua «arrakastatsua» dela deritzo Peñak, eta horren adierazgarri da beste hainbat herritan ere gisa horretako txapelketak egitea.
Berrikuntzarik gabe, ohiko formatua errepikatuko dute biharkoan: hamar bertsolariek hiru proba egingo dituzte lehenengo txandan. Ofizioka arituko dira: modu librean, gai bat emanda eta beste bat abesti ezagun batekin eta koplarako egokiak direnekin lagunduta abestu beharko dute. Sei bertsolari sailkatuko dira bigarren kanporaketara, eta musikarekin bat, antzeko ariketak egingo dituzte. Bi lagun izango dira finalean, eta buruz burukoan, objektu bat emanda, abesti bat emanda eta modu librean kantatuko dute. Epaimahaia publikoaren artean egongo da.