Azpeitiko EAJko bozeramailearen arabera, udal gobernu taldeak "ez du ezer egin" Azpeitira inbertsio berriak erakartzeko

Urola Kostako Hitza 2014ko abenduaren 17a

Abenduko osoko bilkuran onartu ziren 2015. urteko Azpeitiko udal aurrekontuak Bilduren aldeko botoekin. EAJk eta Hamaikabatek kontra bozkatu zuten. Aitor Gorrotxategi Azpeitiko EAJko bozeramailearen arabera, "gobernu taldeak ez du ezer egin Azpeitira inbertsio berriak erakartzeko". Gorrotxategik dioenez, udal gobernua "gehiegi luzatzen ari da garapen ekonomikorako eremu berria aktibatzerakoan". Kontaktuak lantzea eta ekintzaileekin hitz egitea "ezinbestekoa" dela dio EAJko bozeramaileak: "Ezin dugu ahaztu, industria dela baliabideen eta lanpostuen sortzaile nagusia, eta ezinbestekoa gizarte ongizateari eta politikei eutsi ahal izateko". Hondakinen arloan, Azpeitiko kaleetan agertzen den "zikinkeria" salatu du Gorrotxategik: "Batez ere edukiontziak dauden lekuetan eta asteburuetako bilketa bertan behera utzi zutenetik". Bestalde, udal gobernuak onartutako hondakin sistema berriaren txosten ekonomikoa falta dela salatu du. Alkatea "inprobisatzen" ari dela diote EAJko kideek, eta jarrera horrekin "sinesgarritasun guztia" galtzen ari dela azpimarratu dute. "Jarduera klandestinoa" Aurten amaitzen zen udalak Iraurgi Ikastetxearekin zuen hitzarmena, eta Aitor Gorrotxategiren esanetan gai hori aurrekontuekin dago lotuta. Gobernatzen ari den taldeak gai horretan "jarduera klandestinoa" izan duela dio Gorrotxategik: "Dakigun gauza bakarra Bilduk hitzarmen hori luzatzea erabaki duela da, batzorde informatzaileetan edo aurrekontuen inguruan egindako osoko bilkuran inolako azalpenik eman gabe".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide