Ramon Saizarbitoria: "Historia hautsi didate, eta hori da pertsona bati egin dakiokeen gauzarik txarrena"

miriam tamayo 2014ko abenduaren 17a

Etxezarreta eta Saizarbitoria Aho Bizarrik Gabeko saioan (Miriam Tamayo/Hitza) Azpeitia "bertsolari herria" dela esanez hasi zuen atzo gaueko Aho Bizarrik Gabe saioa Ramon Etxezarreta urrestildarrak. Bertsolariak eta idazleak kontrapisuan jartzeak "merezi" duen galdetu zion Saizarbitoriari, eta idazleak honakoa erantzun zion: "Gauzak aldatu egin dira, eta egia da literaturari baino garrantzia handiagoa ematen zaiola bertsolaritzari, eta hori ez da normala. Ez goaz ondo". Hala ere, bertsolariek bailaran "paper handia" jokatu dutela azpimarratu zuen. Euskararen inguruan ere aritu ziren biak, eta elebitasunaren gaia ere aipatu zuten. Elebitasuna hobea dela zioen, baina erreferentzia elebakarrak galtzea "kaltegarria" dela esan zuen Saizarbitoriak. Bailarako idazleen inguruan hitz egin zuten solasaldian. Horien artean Jose Artetxe aipatu zuten eta Saizarbitoriak argitu zuenez, bera ez dauka antzik Jose Artetxerekin: «Bere kristau militantziaren zailtasun hori ulertzen dut, eta hunkigarria iruditzen zait bere lan osoan azaltzen duen beldurraren eragina. Kasu horretan, berarenganako enpatia sentitzen dut». Etxezarretak, berriz, azpimarratu zuen Artetxek Saizarbitoriari "errietan" egiten ziola. Historiari dagokionez, "akatsak errepikatzen" ari direla uste du idazle donostiarrak: "Ez dugu historia irakurtzen". Bakoitzak bere aitzindariak aukeratu behar dituela zioen Saizarbitoriak: "Gudari horiek nireak zirela sentitzen nuen. Historia hautsi egin didate, eta hori da pertsona bati egin dakiokeen gauzarik txarrena". Saizarbitoriaren bi alderdiak Saizarbitoriak literatura eta soziologia munduak "bereiztu" egiten dituela dio: "Oso ondo bereizi izan ditut biak, baina garai batean biak uztartzea zaila zen, literaturaren kalterako. Bietan gauza asko egin ditut, baina azkenean literaturak errenditu ninduen". Literaturaren arlokoek, idazleak poetatzat hartzen dituztela esan zuen Saizarbitoriak: "Funtsean, ez dut uste idazle izatea seriotzat hartzen denik. Mundu guztian galdu du itzala idazle izateak". Idaztea beste gauza batean bihurtu dela azpimarratu zuen. "Uste nuen gauza serioagoak egiteko zeudela politikoak eta halakoak, gorbata duten gizonak, baina orain konturatu gara zeinen friboloak, zeinen tontoak eta zeinen lapurrak diren". Gauzak seriotasunez eta ahal duen moduan egiten dituela zioen Saizarbitoriak: "Serio uste genituen horiek, aldiz, ez dira ahalegintzen". Bestetik, Saizarbitoriak aitortu zuen euskara normalizatua egon izan balitz beharbada bera ez zatekeela hasiko idazten: "Eskuzabalak izan beharko genuke, batez ere euskaldun zaharrak euskaldun berriekin. Euskara ez da etxeko sukaldean jasotzen. Kopuru oso txikia da euskara amarengandik jasotzen duena". Otaegi gogoan Saizarbitoriak aitortu zuen Hamaika pauso liburua idaztea amaitu zuenean "pisu handia kendu" zuela gainetik. Eleberri honetan, Francoren erregimenak hil zuen Angel Otaegiren hilketa hartu du oinarri: "Aspalditik buruan eta bihotzean  izan nuen liburua izan da. Nire interpretazio soziologikoaren arabera, heriotza tristea izan zen Otaegirena", zioen idazle donostiarrak. Sumarioan Otaegiren izena «gutxien» azaldu arren bera aukeratu zutela salatu zuen Saizarbitoriak. Solasaldia amaitu aurretik, euskaldunen eta donostiarren arteko harremanaz hitz egiteko aukera izan zuen Saizarbitoriak: "Euskaldunek ez gaituzte gogoko donostiarrak. Pena handia ematen dit gipuzkoarrek Donostiarekin harreman afektiboak lortzeko izaten dituzten zailtasunak. Donostiako liberalek, Euskal Herri osoa onartu beharko lukete". Azpeitiko Kultur Mahaiak, Sanagustin kulturguneak, Uztarria Komunikazio Taldeak, Erlo Telebistak eta Urola Kostako Hitza-k antolatutako zikloko hamaikagarrena izan zen astearteko solasaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide