Zarauzko udal aurrekontuak aztertuko dituzte gaur osoko bilkuran

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko abenduaren 17a

Gaur aurkeztuko ditu udal gobernuak «gardentasunean eta eraginkortasunean» oinarritutako  2015erako aurrekontuak.  Gardentasunari dagokionez, aurrekontuen inguruko hainbat parte hartze prozesu egin ditu EH Bilduk herritarrekin, erakundearen zifra ekonomikoak mahai gainean jarri eta ekarpenak jasotzeko.  Eraginkortasunaren kasuan, zorra murrizteko EH Bilduk egindako lana aipatu dute. Agintaldi hasieran 23,5 milioi eurokoa zen zorra, eta 15 milioi eurora jaistea lortu du. Inbertsio maila igotzea ere lortu du:  2011n 1,05 milioi bideratu zituzten inbertsioetara, eta orain 2,34 milioi euro. Horri lotuta, «herritarren bizi kalitatea hobetzea» helburu duten aurrekontuak osatu dituzte. Tartean, jaso dituzte parte hartze prozesuan bildutako proposamen batzuk: Vista Alegren, torreoia konpondu eta igogailua eraikitzearena; Azken Portun, Gurmendiko aparkalekuak alokairuan jarri eta Santa Klara azpiko pasabidea lantzearena; Iritaren egoera aztertzearena; parke estaliaren proiektua gauzatzearena; Iñurritzan komun autogarbigailua ezartzearena eta Urteta ixtearena. Halaber,  150.000 euroko partida sortu dute langabeziari aurre egiteko, 100.000 euro bideratu dituzte herriko sozioekonomia sustatzeko, 100.000 euro eskola publikorako eta 160.000 euro argindar kontsumoa murrizten duen argiteria berria ezartzeko. Asti, Salberdin eta Errotaberriko proiektuek 2015eko aurrekontuetan «indar berezia» izango dutela nabarmendu dute. «Propaganda soberan» Aurrekontuak gaur eztabaidatuko dituztela aprobetxatuz, aurtengoen balantzea egin du PSE-EEk. Horiek negoziatzerakoan,  alderdi sozialistak izaera sozialeko partida batzuk gehitzea lortu zuela gogoratu du. «Agintaldi hasieratik ari gara eskatzen herriko ekonomia, enplegua eta ekintzailetasuna bultzatzeko partidak finkatzeko. Beti ezetz esan digute. Tristea da hiru urte itxaron behar izana horiek martxan jartzeko». Halaber, PSE-EEk aurtengo aurrekontuetan 90.000 euroko partida jasotzea lortu zuela ohartarazi du, eta horrekin, eskola publikoan zenbait lan egin dira. «Gugatik ez balitz izan, ez lirateke lan horiek egingo». Halaber, torreoia berritzeko PSE-EEk egindako proposamena onartu dela dio, eta baita kaleratutako familiei laguntzekoak ere. «Araba kaleko bidegorria egiteko partida, berriz, San Inazio kaleko bidegorri zatia egiteko erabili dute. Hori, gure ustez, ez zen lehentasuna». Eta Vista Alegreko eta Azken Portu Goiko irisgarritasunaren azterketak egiteko diru partidarik ez zuten jaso, PSE-EEk salatu duenez. Bestalde, «gustura» agertu da parke estalien prozesua abiatu dutelako, «aurrekontua gehiegizkoa den arren». «Ez dute neguetxearen ordutegia zabaltzeko  proposamena kontuan izan, ezta bertan jangela sozial bat atontzekoa ere», kritikatu dute. 150.000 eurotik gora kostatu den «propaganda soberan» dagoela uste dute, eta baita ETAko presoentzako laguntza (6.000 euro), Udalbiltzara zuzendutakoa (15.000 euro), Uemara (22.000 euro), herri sarreretako karteletara (20.000 euro inguru),  biribilgunera (400.000 euro) eta Udal Gobernuaren komunikazio enpresara (36.000 euro).

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide