Zarauzko errealitatearen aurpegiak, bihar ikusgai

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko abenduaren 17a

Usoa Garin, Ekiñe Muguruza eta Laida Aranburu 'Destokian' dokumentalaren egileak. Bihar arratsaldean aurkeztuko dute ZMMZ Zarauztik Mundura, Mundutik Zarautzera beka irabazi duen lana. Uxua Garinek, Laida Aranburuk eta Ekhiñe Muguruzak egin dute Destokian dokumentala, eta hain zuzen, destokiaren zentzua azaldu lanean, beste hainbat gairen artean. Garinek azaldu du dokumentalari izenburua jartzeko elkarrizketatu batek esandakoan oinarritu direla: «Haietako batek esan zigun etorkinak iragaitzazko bidaiariak direla. Atzean utzi dutena eta egun dutena ez dutela etxe sentitzen». Sentsazio hori da hiru zarauztarrek elkarrizketatu dituzten lagunen artean aurkitu duten ezaugarria. Sei pertsonekin egon dira, guztira. Batetik, gaztetan Zarautzera bizitzera etorri zen Antonio Sanchez extremadurarra elkarrizketatu dute, eta bestetik, Zarautzen lan egiten duen Modou Kanteye senegaldarra. Zarauztik kanpo, atzerrira bizitzera joan diren herritarren testigantza ere jaso nahi izan dute. Horretarako, Iñaki Zulaikaren ikuspuntua ere jaso dute, Japonen bizi den zarauztarrarena. Hego Ameriketako emakumeek Zarautzen duten presentzia ikusita—askok besteen etxeetan egiten dute lan—, haien papera ere islatu nahi izan dute Garinek, Muguruzak eta Aranburuk, eta Libny Otzoi guatemalarrarekin bildu dira. Azkenik, kultura arteko talka ere islatu dute. Hori erakusteko June Aizpurua eta Horacio Chacinekin elkartu dira hiruak. Bikotea dira, lehenbizikoa zarauztarra eta bigarrengoa Venezuelakoa. Asko eta asko kanpoan geratu zaizkietela aitortu dute, baina hala ere, gustura geratu dira emaitzarekin. «Zarautzen aurki daitezkeen errealitate askori aurpegia jartzea lortu dugu». Egiturari dagokionez, elkarrizketa formatuan egin dute lana. Aranburuk azaldu du hori zela «egokiena eta ulergarriena»: «Haien ahoetatik entzun nahi genituen sentitzen zutena eta egunerokotasuna». Zailena bideoan ateratzeko prest dauden emakumeak topatzea izan da Muguruzaren arabera, eta onena, haiek ezagutzea. Sei hilabetean osatu dute berrogei minutuko lana. 19:00etan emango dute, Modelon, eta sarrera doan izango da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide