Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Larunbatean ekitaldi berri bat egingo dute Zarautzen, kanpotik etorritako zein bertan jaiotako herritarrek elkar ezagutzeko: munduko jakiak egiten ikasteko eta dastatzeko aukera izango da herriko elkarte gastronomikoetan. Herriko aniztasuna ezagutzeko helburuarekin, gastronomia aitzaki hartuta. Hain zuzen, bihar Migrazioen Nazioarteko Eguna dela-eta antolatu dute ekitaldi hori. Eta modu horretan, maiatzean izan ohi den Zarauztik Mundura jaialdia urte osora zabaltzeko urratsa emango dute.
Atzerritik etorritako lagunek euren herrialdeko jakiak sukaldatuko dituzte, eta zarauztarrek horiek prestatzen ikasi ahalko dute. Zortzi ikastaro izango dira, aldi berean, herriko zenbait elkarte gastronomikotan. Argentinako jakiak egiten ikasi ahalko da Francisco Zurbaran elkartean, Paraguaykoak Iñurritzan, Errumaniakoak Ezker Tokian, Saharakoak Babes Batzokian, Senegalgoak Arranon, Kolonbiakoak Kurpilen, Pakistangoak Alkartasunan eta Nikaraguakoak Ongi Etorrin.
13:00etan amaituko da ikastaroa. Behin ikastaroa amaituta, elkarrekin bazkalduko dute ikastaroan prestatutako jakiekin. Ikastaro bakoitzean hamalau pertsonak hartu ahalko dute parte: jatorri atzerritarreko bi sukaldarik, elkarteko bi ordezkarik eta beste hamar lagunek.
Parte hartu nahi dutenek Zarauzko Gizarte Zerbitzuetan eman beharko dute izena, bulegora (Zigordia kalea, 33) gerturatuta, 943-005127 telefonora deituta zein immigrazioa@zarautz.org helbidera mezua bidaliz. Zein elkartetan egin nahi duten ikastaroa adierazi beharko dute parte-hartzaileek. Bihar amaituko da izena emateko epea, eta 10 euro ordaindu beharko du parte-hartzaile bakoitzak.
‘Destokian’ dokumentala
Hori ez da izango Migrazioen Nazioarteko Eguna dela-eta Zarautzen izango den ekitaldi bakarra. Atzo Madamme Brouette filmarekin hasi zuten Bertakoak. Hamaika jatorri, Zarautz bakarra lelopean antolatutako ospakizun multzoa. Bihar, Zarauztik mundura, mundutik Zarautzera ikerketa beka irabazi zuen lana aurkeztuko dute egileek: Destokian dokumentala. 19:00etan izango da Modelon. Aurrez, Faustinarekin Munduratuz ipuin kontalaria izango da 17:30ean Liburutegian.
Larunbatean Murren bidaia txontxongilo saioa ere izango da, Modelon, 17:00etan.