Azkoitiko EAJko zinegotziak (Ane Olaizola/Hitza).
Azkoitiko EAJk balorazioa egin du azken agintaldian, beraiek oposizioan egon diren bitartean, egin diren lanez. Duela lau urte, hauteskunde programan zehaztu zituzten proiektu «dezente» aurrera atera direla gogoratu dute, eta zentzu horretan, positiboki baloratu dute euren jarduera: «Duela lau urte egin genuen diagnostikoa baliagarria izan zela baieztatu dezakegu. Lan handia egin dugu proiektuak aurrera ateratzeko», esan du Mikel Zubizarreta EAJko bozeramaileak. Besteak beste aipatu dituzte Bernardo Ecenarro enpresa Azkoitira «erakartzea», herriko merkataritza sustatzeko diru laguntzak martxan jartzea, Floreaga auzoan igogailua egitea, San Martin auzoan espaloia berritzea, Musika Eskola handitzea, Xabier Munibe Ikastolaren eraikin berria egitea eta estalitako haur parkea.
Era berean, udal gobernuaren kudeaketa gaitasuna kolokan jarri dute, iazko eta aurtengo aurrekontuetako «partida ugarik egin gabe jarraitzen dutelako»; hala nola, landa bideen garbiketen, edukiontziak berritzeko eta komun publikoak egiteko partidak «ukitu gabe» daudela esan dute.