Azkoitiko Udalak hitzarmena sinatu du Garabiderekin, hizkuntza gutxituak biziberritzeko

Ane Olaizola 2014ko abenduaren 16a

Alberdi eta Abarrategi, hitzarmena sinatzen
(Ane Olaizola) Azkoitiko Udalak eta Garabide elkarteak hitzarmena sinatu dute gaur eguerdian, elkarteari munduko hizkuntza gutxituen proiektuak indartzen laguntzeko asmoz. Bi urteko akordioa da Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak eta Garabideko koordinatzaile Txema Abarrategi Garaigordobilek sinatu berri dutena, eta horren bidez udalak diruz lagunduko du elkartea. Urtean 4.000 euro emango diote elkarteari, eta aurrera begira egitasmo bat antolatzekoak dira elkarlanean. Egindako lanaren berri eman eta herritarrak gaiaren inguruan sentsibilizatzeko asmoz, otsaila inguruan dira Azkoitian ekitaldi bat eskaintzekoak. Garabide elkarteak «garapenerako euskal lankidetzaren barruan» egiten du lan. «Kooperazio ildo berriak» lantzen dituzte, eta garapen bidean dauden herrietako hizkuntzak normalizatzeko egitasmoak sustatzen. Udalak, bere aldetik, gogoratu du herrialde pobreetan proiektuak sustatzeko diru laguntzak ematen dizkietela elkarte eta erakundeei. Orain, berriz, «lan ildo berri bat» hastea erabaki du Garabide elkartearekin batera, «aurrerantzean hizkuntza normalizatzeko egitasmoak ere sustatuz». Kitxua eta beste hainbat Abarrategik azaldu du hitzarmena «albiste ona» dela elkartearentzat, euren lana indartzen duelako. «Munduko hizkuntzentzat ere berri pozgarria da, gurea bezala, biziberritze bidean daudelako beste hizkuntza asko, eta jende asko ari delako horren alde lanean». Kooperazio eta lankidetza lana egiten du elkarteak, eta munduko hainbat herrialdetako hizkuntza gutxituekin bitartekari gisa aritzen dira. Horretarako, euskara eta euskal kulturaren garapen esperientziak trukatzen dituzte nazioarteko herrialde batzuekin. Batez ere, Hego Amerikako herrialdeetan egiten dute lan eta, besteak beste, kitxua, nasa, nahuatl eta kaqchikel herriekin aritzen dira. Dena den, beste hainbat erronka ere badituzte, Kurdistanen, esaterako. «Herri txikiok elkarren berri izan behar dugu, esperientziak hartzeko eta ikasteko», esan du koordinatzaileak. Izan ere, hango hizkuntzen egoeren berri eman du Abarrategik: «Hego Amerikan jatorrizko hizkuntzak gainbeheran daude. Transmisioa etenda dago, eta milioika hiztunen hizkuntzetaz ari gara hizketan. Kitxua hizkuntzak, adibidez, desagertzeko arrisku sintoma kritikoak ditu». Horregatik, hizkuntza lankidetza beharrezkotzat jo du. «Beste komunitate batzuentzat baliagarria izan daiteke euskararen inguruan lortu dena, eta guk jasotzen dugun guztia ere onbiderako besterik ez da izango».  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide