Akusazioarekin jarraitzeko “nahikoa frogarik ez”, eta
hamabi gazte libre uztea erabaki du fiskalak, Beñat Lizeaga zumaiarra tartean. Epaigelatik atera berri hitz egin dugu telefonoz. Duela lau urte hasi zen bidegabekeriari amaiera jarri dion azken hitza idatzi du gaur eguerdian telefono mugikorrean: “Libre”. Halaxe zabaldu du mezua Beñat Lizeagak berak, sare sozial baten bidez, Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaigelatik. 28 gazte independentisten aurkako epaiketan, hamabiren kontrako salaketarekin aurrera jarraitzeko nahikoa froga ez duela azaldu du gaur fiskalak. Hamabiak, Beñat Lizeaga tartean, akusatuen aulkitik publikora pasatu dira une horretan. Gainontzeko 16 gazteen aurkako epaiketak aurrera jarraitzen du, eta gaur izango da azken eguna, defentsaren agerraldiarekin. Gero, Angela Murillo epailearen erabakiaren menpe geldituko dira.
Beñat Lizeagak 2010eko udazkenean alde egin behar izan zuen etxetik, Segiren aurkako Polizia operazio bati ihes eginez. 2011ko otsailean atxilotu zuten, Izpuran (Nafarroa Beherea) jendaurrera agertu eta egun gutxira. Kartzela ezagutu zuen, 2012ko ekainean baldintzapean aske utzi zuten arte. Beretzat gaur amaitu da
irailaren 22an hasitako epaiketa.
Eguerdi partean jakinarazi duzue albistea. Halakorik espero al zenuten?
Ez genuen inondik inora horrelako erabaki bat espero. Sekulako ezustekoa izan da, baina, begira, tarteka etortzen dira ezusteko onak ere.
Nola izan da momentua?
Fiskalak gaur bere azken agerraldia egin du, eta hor adierazi du 12 auzipeturentzat ez zela nahikoa froga agertu epaiketan zehar. Horietako bat neu naiz.
Hamabi lagun libre, baina beste hamasei karguekin mantendu ditu fiskalak. Zertan oinarritu da bereizketa hori egiteko?
Oraindik ez dakigu zertan oinarritu diren akusazio batzuk bertan behera utzi eta veste batzuk mantentzeko. Guztion kasuan frogak oso antzekoak ziren. Abokatuek esan digutenez, teknikoki ez da oso logikoa fiskalak egin duena, baina oraindik ez daukagu nahikoa informazio balorazio bat egiteko.
Beraz, epaiketa ez da amaitu.
Epaiketak aurrera jarraituko du, beste 16 lagunen aurka. Bihar izango da azken saioa. Defentsako abokatuek egingo dute agerraldia eta hortik Aurrera Angela Murillo epaiaren esku geldituko dira 16 lagunak.
Elkarrizketa osorik irakurtzeko
Baleike.com-en.