Irailean hasi ziren panel akustikoak jartzeko obrekin, Azken Portu Goiaren eta AP-8aren artean errepide horretako zirkulazioak eragiten duen zarata leuntzeko. Hormigoizko oinarri bat egin dute dagoeneko gune horretan, eta panelei eutsiko dieten zutoinak ere jarri dituzte. Orain, hiru metroko panel gardenak jarriko dituzte zutoin horien artean, 300 bat metroan zehar. Lanen azken fasea izango da hori.
Aurreikusitako epean amaituko dituzte lanak. Hain zuzen, obrekin hasi zirenean, irailean, Zarauzko udal gobernuak jakinarazi zuen 2015 hasierarako panelak jarrita egongo zirela. Zarauzko Udalak azaldu zuen panel horien eragina etxebizitza guztietan igarriko dela, baina batez ere,beheko solairuetan. Zentzu horretan, autobidetik gertu bizi diren auzotarren eskaerari erantzungo diote udalak zein Gipuzkoako Foru Aldundiak—bi erakundeek elkarlanean egin dute proiektua—. Panel horien beharra nabarmendu zuten bizilagunek 2013ko aurrekontuen harira martxan jarritako parte hartze prozesuan. Ondoren, EH Bilduren udal gobernuak Zarautz Ehuntzen udal planeko 27. puntuan jaso zuen kutsadura akustikoari lotutako eremuak identifikatu eta aurre egiteko udal gobernuak duen asmoa.
Panelak, toki gehiagotan
Azken Portu Goian bezala, udalak eskatuko du Zarauzko beste zenbait zonaldetan ere panelak jartzea, autobideko zaratak duen eragina moteltzeko. Batez ere, Pagoeta kale parean eta Orokietako bi eraikinen inguruan. Gipuzkoako Foru Aldundiari eta Bidegiri egingo die eskaera, udalbatzarrean alderdiek horren alde bozkatu baitzuten.
Hain zuzen, Ezker Anitza alderdiko Mariana Aranburu zinegotziak gaiari buruzko mozio bat aurkeztu zuen azaroko osoko bilkuran. Gogoratu zuen alderdi horrek 2009an aurrekontu akordioa lortu zuela aldundiarekin, eta baldintza bat ezarri zutela: AP-8an, Zarautz parean, babes akustikorako pantailak jartzea. Akordio horri lotuta, Bidegik azterketa eskatu zuen, eta baita panelek zein babes maila behar zuten neurtzeko ere. Ondorioztatu zuten panelak eraginkorrak izango zirela Itxasmendi eta Orokieta parean, eta «zertxobait gutxiago» Azken Kalearen inguruan.
Azterketa hori egin bazuten ere, Bidegik panelak jarri zituen autobideko ordainlekutik hasi eta pisagailuraino. Aranburuk azaldu zuenez, Bidegik argudiatu zuen panelak Orokieta eta Azken Kalean jarriz gero, AP-8an hirugarren bidea egiteak eragina izango zuela horietan. Eta beraz, ez zela zentzuzkoa panelak jartzea, gerora berriz kendu behar izateko. Bost urteren buruan, aurten hasi da aldundia panelak jartzen Azken Portu Goiaren parean. «Dena dela, aldundiak ez ditu bete oraindik lege betebeharrak eta konpromisoak », adierazi zuen Aranburuk, «eta ondorioz, Orokietako eta Pagoeta Kalekoek zarata jasaten jarraitzen dute».
Horregatik, mozioarekin eskatu zuten panel akustikoak jartzeko lanarekin amaitzeko. Horrekin batera, AP-8 autobidean, Zarautz parean hirugarren lerroa egitearen aukera «behin betiko eta formalki» bertan behera uzteko eskatu zion aldundiari eta Bidegiri. «Herri erdian sei bideko autobide bat izateak ingurumen aldetik eta urbanistikoki eragin larriak lituzke», gaineratu zuen Aranburuk. Azkenik, erabakia aldundiari, Bidegiri eta zarauztarrei jakinarazteko eskatu zuen mozio horren bitartez.
PSE-EEk eta EH Bilduk mozioa puntuz puntu bozkatzeko eskatu zuten udalbatzarrean. Izan ere, panel akustikoak jartzearen alde agertu baziren ere—baita EAJ ere—, ez ziren bat etorri lehenbiziko puntuarekin: hirugarren lerroaren auzia bertan behera uztearekin, alegia. PSE-EEko Gloria Vazquezek esan zuen horren inguruan proiektu bat egin behar dela, eta zirkulazioari irtenbidea eman. EH Bilduko Mikel Goenagak esan zuen ez dela baztertu behar hirugarren lerroa egitearen aukera, horrekin lotuta dagoelako Azken Portu Goiaren parean tunela egitea.
EAJk, bere aldetik, eskatu zuen erabakia Bidegiri, aldundiari eta zarauztarrei bidaltzeaz gain, Batzar Nagusietara ere igortzea, bertan ere jorratu izan dutelako gai hori. Aho batez onartu zuten eskaera hori, baita Orokietaren eta Pagoeta kalearen parean panel akustikoak jartzeko eskatzea ere. Ordea, ez zuen inork babestu bigarren puntua, alegia, autobideko hirugarren bidearen aukera bertan behera uzteko eskatzen zuena.