Barrenetxeko iturburua (Miriam Tamayo/Hitza)
Krisi ekonomikoaren ondorioz, arlo guztietan aurrezteko nahia zabaldu da. Azpeitian igerilekuaren gas kontsumoa murriztu nahi da geotermia instalazioari esker, eta horretarako, Barrenetxe auzoan modu naturalean sortzen den ur beroa erabiliko dute igerilekuko eta bertako dutxetako ura berotzeko eta girotze makinaren energia kontsumoa aurrezteko. Hodi bat instalatzen ari dira, Barrenetxeko iturburutik hasi eta igerilekuko sotora arte. Bertan uraren berotasuna xurgatuko duen bero bonba bat instalatuko dute, eta horri esker, gaur egungo gas naturalaren galdarek kontsumitzen duten gasa murriztuko da.
Alfon Lizarralde, Azpeitiko Udaleko teknikaria (Miriam Tamayo/Hitza)
Azaroan aurkeztu zuten proiektua Azpeitiko Udalak eta Tinko STS enpresak, eta gaia sakonago lantzeko arduradunekin hitz egin du HITZA-k. Alfon Lizarralde udaleko teknikariak adierazi duenez, bizpahiru urte daramatza udalak proiektu honi bueltak ematen: «Herriko igerilekuaren gas kontsumoa oso altua da. Beraz, kontsumo hori murrizteko zer egin genezakeen pentsatzen hasi ginen».
Geotermiaren instalazioarekin hasi aurretik Azpeitiko Udalak bideragarritasun planak eskatu zizkien Bizkaiko enpresa aditu bati eta Azpeitiko Tinko STS enpresari. Bi azterketen emaitzen arabera, geotermia instalazioaren proiektua «bideragarria» da: «Bizkaiko enpresak Barrenetxeko iturburuaz gain, Arria auzoan dagoen beste iturria ere erabiltzea proposatzen zuen igerilekuko gas kontsumoa ehuneko ehun asetzeko asmoz. Baina, Arriako iturria lur eremu pribatu batean dago, eta ur hori lortzeko kudeaketa oso zaila da». Azpeitiko Tinko STS enpresaren emaitza «antzekoa» izan zela dio Azpeitiko Udaleko teknikariak. Kasu honetan, Barrenetxeko ur beroa soilik erabiltzea proposatzen zuten. Hala azaldu du Joseba Garmendia Tinko STSko enpresaren industria ingeniariak: «Arriako iturriak ur emari handiagoa du, baina bertako uraren tenperatura baxuagoa izaten da. Beraz, tenperaturak nahastu gabe, iturburu batetik etekin handiagoa atera zitekeela konturatu ginen. Urtebete inguru aritu gara Barrenetxeko iturburua aztertzen, eta ohartu gara urtaro guztietan uraren tenperatura eta emaria mantendu egiten direla».
Joseba Garmendia, Tinkok STS enpresako industri ingeniaria (Miriam Tamayo/Hitza)
Hiru hodietatik bi ezarrita
Azaro amaieran hasi zituzten geotermia instalazioaren lanak Azpeitiko Sanjuandegi auzoan, eta urte amaierarako edo urtarrila hasierarako «dena martxan» egotea aurreikusten dute. 300 metro inguruko luzeera duen hodi isolatu baten bitartez ailegatuko da ura igerilekuraino. Garmendiak argitu duenez, urtaroetako tenperatura aldaketek ez dute eraginik izango uraren tenperaturan: «Hodi isolatuak Barrenetxeko uraren tenperatura mantenduko du, baina egia da kaleko tenperaturak igerilekuko gas kontsumoan eragingo duela. Izan ere, neguko gas kontsumoa altuagoa izaten da udakoa baino».
Udaleko teknikariak dioenez, instalazioaren azken zatia falta da prozesua amaitzeko. Izan ere, jarri behar dituzten hiru hodietatik bi ipini dituzte, eta aste honetan ura igerilekura iristea lortuko dutela aurreikusi dute. Instalazioa amaitu ondoren, hodia bero-trukagailu batean sartu eta bero bonba martxan jarriko dute: «Modu honetan, igerileku barruko gas eskaerak elikatuko dira, etxeko berogailuak funtzionatzen duen modu berean» argitu du Lizarralde teknikariak.
Proiektu aitzindaria
Horrelako proiektu bat egiten den lehen aldia da, Lizarraldek azaldu duenez: «Guk dakigunez, orain arte ez da horrelakorik egin. Instalazioarekin lortuko ditugun emaitzak ikusi ondoren, uste dut besteek jarraitzeko bide bat ireki dugula».
«Sistema honen bitartez gas kontsumoa murriztuko da, baina instalazioan erabili dugun bero bonbak ere elektrizitatea kontsumitzen du. Beraz, elektrizitatearen kontsumoa igo egingo da. Hala ere, urtean 45.000 euro aurreztea aurreikusten dugu», adierazi du Azpeitiko Udaleko teknikariak.
Hodi isolatua instalatzen Sanjuandegi auzoan (Miriam Tamayo/Hitza)
Igerilekuko gas kontsumoa 111.380 eurokoa da urtean, eta 242.000 euroko kostua suposatuko du geotermia sistema instalatzeak. Lizarraldek dioenez, proiektua jartzeak eskatzen duen inbertsio hori sei urtetan amortizatu daiteke. Bestalde, udalak diru laguntzak eskatu ditu Gipuzkoako Foru Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan. Aldundiak 77.000 euro eman dizkio udalari, eta orain Eusko Jauraritzaren zain daude: «Ez dugu jaso Jaurlaritzaren diru laguntzarik, baina esan digutenez, aurrerago jasoko dugu», azaldu du udaleko teknikariak. Hala, diru laguntza horiek jasoz gero amortizazio epea 2 edo 3 urtetara murriztu daitekeela zehaztu du: «Epe motzean berreskuratu daitekeen inbertsio bat da», azpimarratu du Tinko STSko ingeniariak ere.
Bien arabera, iturburuko ura «ez da amaituko» eta beraz, instalazioak epe luze batean jarraituko du funtzionatzen. Instalazio lanak «ondo» doazela esan dute, eta «emaitza onak» lortuko direnaren itxaropena azaldu dute.