Defentsaren perituak auzipetuen tortura salaketek "erabateko sinesgarritasuna" dutela adierazi du

Urola Kostako Hitza 2014ko abenduaren 15a

Gazteak epaiketara sartu aurretik. (Egilea: Hodei Iruretagoiena) Beñat Lizeaga zumaiarra eta beste 27 gazte Segiko kide izateagatik epaitzen ari da azken hilabeteotan Espainiako Auzitegi Nazionala eta epaiketa azken txanpan sartu da. Gaur eta asteazkenean egingo dituzte saioak. Berria-ko kazetari Hodei Iruretagoiena Madrildik epaiketaren berri ematen ari da. Gaurko saioan torturak izan dituzte hizpide eta Torturaren Aurkako Taldeko (TAT) eta Coordinadora para la Prevencion y Denuncia de la Torturako (CPDT) kideak behatzaile gisa egon dira. 11:00ak inguruan hasi eta bazkal ordurako bukatu da saioa eta defentsako perito-psikologoek deklaratu dute. Denera 12 peritu eraman ditu defentsak epaiketara eta horietatik bik eman dituzte azalpenak. Perituek epailearen aurrean deklaratu dute Istanbulgo protokoloa oinarri hartuta. Perituek tortura teknikak eta horren ondorioak azaldu dituzte eta azaldu dute beldurra dela "pertsona sumiso bihurtu eta edozer onartzera daramana”. "Ez da ondorioetan pentsatzeko gai". Gainera, gazteei egindako azterketetan, auzipetuen tortura salaketek «sinesgarritasun erabatekoa edota altua» dutela azaldu dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide