Aritz Aranburuk agur esan dio WCT zirkuituari

Aritz Mutiozabal 2014ko abenduaren 15a

https://www.youtube.com/watch?v=RvZOtcRq3lM

Aritz Aranburu erreskatatu zuten unea.

Sasoian.info. Ez da fin aritu denboraldia biribiltzen duen Hawaiiko Koroa Hirukoitzako hiru probetan, eta ondorioz datorren urtean ez du jarraituko surfaren goi-mailako zirkuituan. Prime kategoriako Reef Hawaiian Pro eta Vans World Cup txapelketetan lehenengoan kanporatu bazuten, egunotan jokoan den Billabong Pipe Mastersi hasiera txukunagoa eman zion. Lehen erronda bigarren postuan gaindituz: Mick Fanning nagusitu zen 12.16 punturekin, eta zarauztarrak 9.27 puntu lortu zituen, baina olatu bakarra hartuta, jardunaldiko onena izango zena; hirugarrena Makai MacNamara izan zen, 2.20 punturekin.

Atzo, bigarren errondan eta Matt Wilkinsonen aurka, zortea ez zuen aldeko izan. Bezperako itsaso zakarra are bortitzago bihurtu zen, lehia arriskutsu bihurtaraziz. Aranbururi, esaterako, olatuetako bat gainean lehertu eta taula erdibituta geratu zitzaion, eta ondorioz, uretako motorrarekin erreskatatu behar izan zuten. Hala ere, ez zen kokildu eta berriro ere uretara sartu zen taula berri batekin, korrontearen aurka indartsu igeri eginez.

Olatu bat behar zuen, 1.90 puntukoa, Wilkinson mendean hartu eta hurrengo errondara pasatzeko, baina aurreko gertakariak eta geroko uretara sartzeko ahaleginak eragindako nekeak ez zioten saioa biribiltzen utzi. Erronda bukatzeko 30 segundoren faltan azken aukera bat izan zuen, baina ezin izan zuen olatu gaineko maniobra behar bezala osatu. Giza horretan, lehiatik kanpo geratu zen –Wilkinsonek 4.13 puntu lortu zituen eta Aranburuk 3.24 puntu–, eta, era berean, WCT maila galdu zuen. Datorren urtean WQS zirkuituan lehiatu beharko du.

https://www.youtube.com/watch?v=RvZOtcRq3lM

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide