Azaroan Euskal Herriko ordezkaritza bat joan zen Manresara (Katalunia) Azpeitiko Udala buru zela “bi herrien arteko harreman ekonomikoak indartzeko asmoz”. Eneko Etxeberria, Azpeitiko alkatea egon zen bisita horretan eta inguruak bisitatzeaz gain, bi udalerrien arteko "interes turistikoak, kulturalak eta ekonomikoak" elkarlanean lantzeko bilerak egin zituen Manresan.
"Manresan lortutako emaitzak itxaropentxuak izan dira eta bi udalen arteko harremana oso ona izan da" adierazi dute Azpeitiko Udaletik. Horren ondorioz, bi herrietan turismoa eta arlo ekonomikoa sustatzeko ekintza zehatz batzuk elkarlanean egiteko hitzarmena sinatu zuen: "2015 eta 2016 urteetan bi udalerrietako eragileen artean sustapen eta dinamizazio ekintzak jarriko dira abian, aurrez definitutako plangintza baten arabera".
"Fruitu emankorrak"
Udalak dioenez, Azpeitiaren eta Manresaren arteko elkarlan horrek "fruitu emankorrak" emango ditu: "Manresak, Azpeitiko produktuak Kataluniara sartzeko atea izan behar du, eta alderantziz, Azpeitiak Manresako produktuak sartzeko Gipuzkoako atea. Bi herrialdeak turistikoki idartzeko aukera ezin hobea dugu. Horretan arituko gara eta jarraituko dugu lanean", azpimarratu du Etxeberria alkateak.
Azpeitiko Udalaren arabera, herriko ekonomiaren ateak Kataluniara zabaltzea erabaki dute. "Bereziki" turismoa landu nahi dutela diote, "Azpeitiak arlo horretan dituen aukera guztiak landuz".