Patinatzaileen lasterketa ere egingo dute aurten Azpeitiko sansilbestrean

Ane Olaizola 2014ko abenduaren 11

Urtea osasuntsu agurtzeko, hamalaugarren aldiz San Silbestre herri lasterketa egingo dute Azpeitian, Xeye Atletismo Taldeak Urola Kostako HITZA egunkariarekin elkarlanean antolatuta, Azpeitiko Udalaren laguntzarekin. Gainera, berrikuntzak izango ditu probak, lehenenengo aldiz patinatzaileen lasterketa ere jokatuko baitute. Patinetan ibiltzen direnek hala eskatuta egingo dute, eta antolatzaileen arabera, Gipuzkoako proba bakarra izango da hori. «Badira bi urte patinetako lasterketa antolatzeko eskatzen ari direna, eta aurten apustu hori egitera goaz, proba gisa», esan dute antolatzaileek. Abenduaren 31n, Urte Zahar egunean, 11:15ean hasiko dira patinatzaileak lehian, eta plazatik hasita, lasterketa nagusiaren ibilbide bera egingo dute, baina lehen eta bigarren itzulian Done Jakuetik zehar joango dira plazara. Horiek, kaskoak eta babesak eraman beharko dituzte parte hartzeko. Sei kilometrotako proba izango da, 12:00etan hasiko den lasterketa nagusia bezala. Bi lasterketa horietarako dagoeneko eman daiteke izena, hainbat modutara: abenduaren 29ra bitartean, Azpeitiko igerilekuan, kiroldegian eta Aitzaki Kirolak dendan eta Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan eman daiteke izena. Hilaren 19ra bitartean, berriz, Azpeitiko eta Zarauzko Urola Kostako Hitzaren egoitzetan ere egin daiteke. Internetez ere inskribatzeko aukera egongo da, www.herrikrossa.com helbidean, abenduaren 30era bitartean. Patinatzaileek hamar euro ordainduko dute aurrez, eta korrikalariek zortzi euro. Egunean bertan ere izena emateko aukera izango da, 11:00ak artean. Orduan, guztiek 15 euro ordaindu beharko dute. Iaz bezala, «lasterketa herrikoia» izatea espero dute antolatzaileek. Proba nagusiko lehen hiru gizonezkoek eta emakumezkoek sariak jasoko dituzte, eta guztien artean opariak zozkatuko dituzte. Lasterketaren elastikoak ere banatuko dituzte. Aurreko urteetan bezala, aldagelak eta dutxak jarriko dituzte Izarraizpe pilotalekuan, irteera eta helmugatik metro gutxira. Ehunka lagunek hartzen dute parte San Silbestre lasterketan, eta azken urteetan Yerai Varela nagusitu izan da gizonezkoetan. Emakumezkotan, berriz, azpeitiarrak izan dira nagusi, Nerea Etxeberria eta Nerea Azpiazu izan baitira azken urteetako bizkorrenak. Lasterketa nagusia baino lehen, ume eta gazteen lasterketekin hasiko dute San Silbestre Eguna. 10:00etan plazatik hasita, benjaminak, alebinak eta infantilak lehiatuko dira, eta horiek egunean bertan eman beharko dute izena, doan, plazan jarriko dituzten mahaietan. Kadete eta jubenil mailakoek, berriz, lasterketa nagusian irtengo dute, senior eta beteranoekin batera. «Herri hedabideen alde» Urola Kostako Hitza egunkariaren laguntzarekin antolatzen du Xeyek Azpeitiko lasterketa, eta  egunkariaren kudeatzaile Uxua Ostolazak eskerrak eman ditu Hitzako lantaldearen izenean: «Beste urte batez Xeye elkartea eskertu nahi dugu lasterketa hau antolatzeagatik eta irabaziak Hitza laguntzera bideratzeagatik. Eragileak dira Urola Kostako Hitzaren zutarrietako bat, eta halako elkarlanak garrantzitsuak iruditzen zaizkigu. Aurten patinatzaileen lasterketa ere antolatu du Xeyek, urtea amaitzeko proba hau osasuntsu dagoenaren seinale». Herritarrak, berriz, lasterketan parte hartzera animatu dituzte, «herri hedabideen eta euskararen normalizazioaren alde korrika egin dezaten». LASTERKETEN ORDUTEGIAK: - 10:00. Benjamin neskak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia. - 10:10. Benjamin mutilak: 700 metro, zirkuitu txikiari itzulia. - 10:20. Alebin neskak: 1.300 metro, bi itzuli. - 10:30. Alebin mutilak: 1.300 metro, bi itzuli. - 10:40. Infantil neska-mutilak: 1.900 metro, hiru itzuli. - 11:15. Patinatzaileen lasterketa. 6.000 metro. - 12:00. Lasterketa nagusia. Kadeteek eta jubenilek 3.000 metro, ibilbideari itzuli bat. Gainontzekoek 6.000 metro, ibilbideari bi itzuli.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide