Erreferendumetik asko ikasi dute eskoziarrek, baita hainbat ondorio atera ere. Stephen Noon-en (Paisley, Eskozia, 1971) arabera, bozketan galdu bazuten ere, orain «leku egokian» daude etorkizunean independentzia lortzeko. Baietzaren aldeko estrategia kanpainaren buruaren esanetan, ezinbestekoa da independentziaren aldeko mugimenduak aktiboa eta konprometitua izaten jarraitzea. Euskal Herrian erabakitzeko eskubidearen alde emandako pauso irmoak txalotu ditu, eta eskertu egin du euskal herritarrek Eskoziako prozesuari emandako babesa.
Zer ikasi duzue eskoziarrok galdeketatik?
Orain eskoziarrek ikuspegi berria dute euren botere politikoari eta sistema politikoa mantentzeko gaitasunari buruz. Erreferendumak itxaropen handia sortu du Eskozian, eta jende askok erakutsi du Parlamentuaren botere sozial eta ekonomioa zabaltzeko gogoa duela.
Zer ekarri du horrek Eskozian bertan? Eta nazioartean?
Oso harro gaude prozesuaz, jendeak erantzun egin du, inoiz baino gehiago. Zera ikasi dugu: galdeketa baliabide ona izan dela Eskoziako etorkizunaren auziari heltzeko. Erresuma Batuko eta Eskoziako gobernuen arteko elkarlana eta prozesu demokratiko batekiko konpromisoa seinale boteretsutzat jo dute nazioartean. Modu egokia da nazio baten eta egungo estatuaren arteko etorkizuneko harremana zehazteko. Gure etorkizuna erabakitzeko prozesu horrek eskoziarren artean eragin osasuntsua izan du, eta uste dut, aurrera begira jendea aktiboagoa izango dela eta konprometituagoa bere komunitatearekin eta nazioarekin.
Eskoziatik nola ikusi duzue nazioarteak galdeketa horren aurrean izan duen erreakzioa?
Polita izan da nazioarteak gure prozesuaren boterea eta legitimitatea nola aitortu duen ikustea. Ez da hain polita izan, ordea, zenbait estatuk gure galdeketan nola esku hartu duten ikustea.
Gutxigatik, baina ezetz atera da. Porrot bezala ikusten duzue, ala etorkizunerako esperantza gisa?
Emaitza aurrerapauso handia izan zen independentziaren aldeko mugimenduarentzat. Energia politikoa eta babes guztia baietzarekin daude. Bidaiaren hurrengo fasea babes zabalarekin hasi dugu, eta baita independentziaren aldeko modu askotako ahots boteretsuekin ere. Mugimendua inoiz baino sendoagoa da. Porrotak desengainua ekarri arren, itxaropena handia da eta botere berrienganako esperantza ere bai, eta horrek Erresuma Batuaren barruan autonomia handiagoa eman digu. Uste dut orain leku egokian gaudela etorkizunean independentzia lortzeko.
Zer pauso eman beharko lirateke horretarako?
Kanpainaren oinarri sendoen gainean eraiki behar dugu baietzaren aldeko mugimendua, aktiboa eta eztabaida politikoarekiko konprometitua izaten jarraitzeko. Aurrerapausoak emateko, garrantzitsua da independentziaren aldeko oihartzun gehiago izatea komunikabideetan. Independentziaren aldeko egunkariak zein sareko berriemaileak sortzeko ekimenak positiboak liratezke. Horrekin batera, onura ekonomikoak nabarmendu behar ditugu, abantaila sozial eta demokratikoekin batera. Justizia sozialean eta demokrazian irabazi dugu, baina ez gara gai izan eskoziarrei independente izanez gero ekomonikoki ere egoera hobean izango ginela erakusteko.
Nolakoa izan da kanpaina? Zein pauso eman dira?
2012ko udan eman genuen ezagutzera kanpaina, eta Eskozian inoiz izan den mugimendu zabalena eraikitzen jardun dugu ordutik. Horrek aukera eman digu botoemaileekin beste modu batera harremantzeko. Kanpaina soziala sortzen saiatu gara; politikariengandik jaso beharrean, independentziaren onurak herritarrek familiartekoen, lagunen eta lankideen ahoetatik entzuteko. Beste gako bat Liburu Zuria izan da. 2013ko azaroan kaleratu zuten hori, eta bertan gobernuaren plana jaso dute, Eskozia independenteak nolakoa beharko lukeen izan azaltzen duen plana. Independentziak jendearentzat eta euren familiarentzat zein eragin izango duen erakusteko aukera eman digu horrek. Gure lehenbiziko betebeharra izan da jendeari erakustea Eskoziak independentzia lor zezakeela, herrialdea independente izateko adina zabala eta oparoa dela. Hurrengo pausoa jendeari Eskoziak independente izan beharko lukeela erakustea izan da, eta asko lagundu digu Liburu Zuriak.
Zer iritzi duzu egun Katalunian gertatzen ari denaz? Zer ondorio atera daiteke hortik?
Ezinezkoa da etorkizunean zer gertatuko den jakitea, baina kanpainan erakutsi duten determinazioarekin eta energiarekin harrituta nago. Onena opa diet. Espainiako Gobernuak jarritako oztopoak oztopo, herri mugimendu boteretsua dute eta independentziaren alde egiteko bidea aurkitu dute. Ahal dutena egiten ari dira Europako beste herritarrek hori aitor dezaten.
Eta, zein iritzi duzue Euskal Herriaz?
Lagunei Euskal Herrira nentorrela esan nienean, bakoitzak Euskal Herriaren alde on bana kontatu zidan. Estimu handia diete Euskal Herriari. Batzuk bertako gastronomia eta jatetxeak nabarmendu zizkidaten, beste batzuk Mondragonen gisako kooperatibak. Gaur egun badago Eskozian botere gehigarrien eta finantzen autonomien zabaltzearen inguruko eztabaida bat. Eta zentzu horretan, botere ekonomiko eta finantzieroen arloan lortu duzuena aitortzen dugu. Beste batzuk pertsonaia zehatz batez hitz egin didate, Loiolako Inazioz, eta hark munduko milioika pertsonen espiritualtasunean izan duen eragin positibo eta boteretsuaz. Horrekin lotuta, Glasgowen badugu zentro espiritual inaziar bat.
Zer deritzozu azken urteetan alor honetan Euskal Herrian eman diren pausoez?
Euskal Herrian eman diren azken pausoez sarreratxo bat besterik ez didate egin. Badirudi erabakitzeko eskubidearen aldeko kanpainak irrika eta ideia asko dituela, eta jendea biltzeko bide berriak sortzen ari dela. Hori da, dudarik gabe, independentziaren aldeko hautua aurrera eramateko modua: pasioarekin, emoziarekin eta parte hartzearekin egin daiteke aurrera.
Ezagutzen al duzu Gure Esku Dago mugimendua?
Asko gustatu zitzaidan azaroan Kataluniako galdeketari eman zioten babesa. Eta ohorea izan zen ikustea Eskoziako prozesua ere nola aitortu eta txalotu zuten. Donostiako Zurriola hondartzako irudia zabal partekatu zuten sare sozialen bidez Eskoziako independentziaren aldekoek.