Bigarren urtez jarraian Euskal Bodyboard Zirkuitua irabazi du Alex Odriozolak (Zumaia, 1994). Datorren urteari begira, Europako Zirkuitua osatu eta emaitza on bat lortu nahi du.
Euskal Zirkuitua irabaztera bideratu al duzu aurtengo urtea?
Aurtengorako ez neukan zehaztuta helburu garbirik. Hasiera batean Europako Txapelketako zirkuitua osatzeko asmoa nuen, baina lehenengo proban ez nuen emaitza onik atera, eta ondorioz, gainerakoetan ez nuen parte hartu. Uda aurretik jokatu nuen Arcachon-en [Frantzia], eta pixka bat desilusionatu egin nintzen, gauzak ez zitzaizkidalako ongi atera eta espero baino emaitza txarragoa lortu nuelako.
Azken urteetan Europan zehar ibili zara...
Duela bi urte bosgarren postuan bukatu nuen zirkuitua, eta Zumaiako proban hirugarren izan nintzen. Iaz ez nintzen oso txukun ibili, 10. postuan bukatu nuen; zirkuituko bi proba baino ez nituen egin, Zumaiakoa eta Frantziakoa, eta ez nintzen joan Marokora eta Portugalera. Aurten, lehiarik ez da egin Zumaian, eta oraingoan ere ez nintzen joan Marokora eta Portugalera. Ez dakit datorren urtean nola izango den. Urtetik urtera aldatu egiten dute, aurrekontuen arabera.
Lortu berri duzun garaipenak urte hasierako arantza hori kentzen lagunduko al dizu?
Bai. Gainera, Alex Urangak irabazteko aukerak zituen, eta haren aurretik geratzeak beti ematen dizu poza. Aurten, gainera, bigarren urtez jarraian irabazi dut zirkuitua. Beraz, titulua berretsi dut.
Eta zer izan da zailagoa, lehena irabaztea ala bigarren urtean txapelari eustea?
Nik esango nuke aurtengoa irabaztea zailagoa izan dela. Iaz, esaterako, Alex Urangak ez zuen hartu parte, baina aurten jokoan sartu da, eta ez dizkit gauzak horren erraz utzi.
Zirkuituak hiru proba izan ditu, eta hiruretan goiko postuetan sailkatu zara. Presio gutxiagorekin aritu zarelako etorri al dira emaitzak?
Zirkuituko txapelketak lasaitasun gehiagorekin hartzen dituzu beti. Jakina, Europako probetan maila handiagoa dago, eta, alde horretatik, gehiago urduritzen zara. Izan ere, bodyboarder on gehiago izan ohi da, eta edonork irabaz dezake.
Denboraldia bukatutzat jo duzu. Zer asmo duzu datorren urteari begira?
Datorren urtean Europako Zirkuitua jokatu nahiko nuke, eta emaitza on bat lortu. Ahal izanez gero, zirkuituko proba guztietan hartu nahi dut parte. Horrez gain, Munduko Zirkuituko Portugalgo proban lehiatzea dut helburu, Sintrako txapelketan, eta, nola ez, Euskal Bodyboard Zirkuitua ere bai.
Posible ikusten al duzu emaitza on hori lortzea Europa mailan?
Hala uste dut. Duela bi urte, 18 urterekin, bosgarren postuan bukatu nuen, eta iruditzen zait datorren urteari begira postu hori hobetu dezakedala.
Alex Uranga izango duzue erreferente atzetik zatozten euskal bodyboarder guztiok. Hark bezala, Munduko Zirkuituan aritzea amesten al duzu?
Oraingoz ez dut ikusten posible. Babesleen aldetik ez dut jasotzen laguntza ekonomikorik, eta sosik gabe ezinezkoa da Munduko Zirkuitua osatzea. Bidaia horiek egiteko diru asko behar da eta, oraingoz, ez dut hor ikusten neure burua. Pentsa, Europako Zirkui-
tuan lehiatu ahal izateko, alegia, bidaiatzeko, geure poltsikotik jarri behar izaten dugu dirua.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide