Xake Memorialarekin hasiko dituzte 'Kattu'-ren omenezko ekitaldiak

Ane Olaizola 2014ko abenduaren 11

Agerraldia egin zuten atzo Katturen senide, lagun eta hainbat herritarrek
(Ane Olaizola / Urola Kostako Hitza) Abenduaren 19an hogeita hamaika urte beteko dira GALek Ramon Oñederra Kattu azkoitiarra hil zuenetik, eta urteurrenaren harira, haren senide, lagun eta herritarrek "justizia, oroitzapena, egia eta konponbidea" aldarrikatu dute beste urte batez. Omenaldi gisa, hainbat ekintza egingo dute Azkoitian datozen egunetan, eta igandean, besteak beste, XXX. Kattu Xake Memoriala egingo dute, kirol honekiko zuen zaletasunaren adierazgarri. Senide eta hainbat herritarrek Kattu oroitu zuten atzo emandako prentsaurrekoan: "Mutil alaia eta irekia zen Kattu. Gazte guztiak bezala, lana, kirola eta parranda zalea zen. Anaitasuna futbol taldean atezain aritu zen bolada batez, baita Baionako futbol talde batean ere. Garaiko gazte askorena bezalakoa zen bere bizitza", esan zuen haren arreba Arantxa Oñederrak. Honen arabera, "herri zapalduaren kontzientzia" oso barneratua izan zuen gaztetatik. EGAM Euskadiko Gaztedi Abertzalearen Mugimenduko kidea izan zen, eta 19 urterekin Ipar Euskal Herrira joan zen, "espainiar errepresioaren hatzaparretatik ihesi". 23 urte zituela tiroz hil zuen GALeko mertzenario talde batek, lan egiten zuen Baionako Kayetenia tabernan. Askapenerako Terrorismoaren Aurkako Taldearen lehenengo hilketa izan zen hura, eta hiru hamarkada geroago, hilketaren zigorrik inork ez duela ordaindu salatu dute. Izan ere, 1997an, hilketa eta hamalau urtetara zabaldu zen Oñederra sumarioa, eta besteak beste Felipe Bayo, Enrique Dorado eta Rodriguez Galingo guardia zibiliak eta Jose Luis Corcuera eta Rafael Vera politikariak auziperatu zituzten. "Felipe Gonzalezen —Espainiako Gobernuko presidente ohia— izena ere ez zebilen urruti", gaineratu dute. 2003az geroztik, ordea, artxibatuta dago sumarioa, frogarik ez zegoelakoan. "GAL-eko arduradun politiko guztiak kalean daude", diote. Honen aurrean, egindako minaren aitortza aldarrikatu dute: "50 urte luzez izandako gatazka politiko armatuak samina eta zauri ugari eragin dizkigu alde guztietan. Azken belaunaldiok ez dugu bakealdirik ezagutu, eta egun aukera historiko baten atarian gaude eraikitzeko". Justiziari dagokionean, indarkeria "bi aldeetan" egon dela onartzea eta bakoitzak dagokion ardurak nork bere gain hartzea "beharrezkotzat" jo dute. "Justizia aldarrikatzen dugu, eta Espainiako Estatuak bere ardura onartzea nahi dugu, kaltea onartzea eta garrantzitsuena, horrelakorik berriro gertatuko ez denaren bermea". "Memoriak historiaren parte" egiten dituztelakoan, egia aldarrikatu dute senide eta gertukoek. Gatazka politikoaren eta bere ondorioen inguruko "egi osoa" behar dute, "beste behin gure herriaren historia ez diezaguten besteek kontatu". Era berean, gatazkari "bidezko konponbidea" emateko "erabateko konpromisoa" adierazi dute. "Elkarbizitza eta eskubide guztiak onartzeko" lan egingo dutela berretsi dute. "Akordio politikoak konponbide justua partekatua zehaztuko du, eta ondorengo elkarbizitza demokratikoak ahalbidetuko du bakea". Kattu omentzeko hainbat ekitaldi egingo dituzte datozen egunetan Azkoitian. Hemen egitaraua: ABENDUAK 14, IGANDEA - Goizean. XXX. Kattu Xake Memoriala, Anaitasuna Xake Taldearen egoitzan. Eguerdian, sari banaketa Errexil tabernan. ABENDUAK 19, OSTIRALA - 21:00. Jubilatuen tabernan bertso afaria eta omenaldia, Amets Arzalluz eta Jokin Uranga bertsolariekin. - Ondoren. Eneritz Furyaren kontzertua. ABENDUAK 23, ASTEARTEA - 18:30. Deklaratu gabeko gerra. Estatu terrorismoa Euskal Herrian hitzaldia, Joxerra Bustilloren eskutik. Elkargunean ABENDUAK 27, LARUNBATA - 22:30. Kraussk eta 2shock taldeen kontzertuak, Matadeixen.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide