Soleá Morente: "Nire aitak asko maite zuen Euskal Herria, oroitzapen onak ditut hemen"

miriam tamayo 2014ko abe. 11a, 11:43

Flamenkoa, pop eta indie musikak nahasten dituen abestiak entzuteko aukera egongo da larunbatean 23:00etan Sanagustin kulturgunean. Aste honetako musika saioa Soleá Morente y Los Evangelistas musika taldeak ekarriko dute. Sarrerak salgai daude dagoeneko Sanagustinen eta sarean, ondorengo webgunean: http://ttiki.com/113748. Soleá Morentek UROLA KOSTAKO HITZAri adierazi dioenez, larunbateko kontzertuak «itxura oso ona» du, eta Azpeitian abesteko «gogoa» duela azpimarratu du. Enrique Morenteren alaba ertainak bere aitaren eta familiaren lanbide bera aukeratu du: «Flamenkoa nire nortasuna da eta beti izan nuen gure aitaren babesa. Hala ere, unibertsitate ikasketak egitea gomendatu zidan, eta haiek amaitu ondoren musika arloa gogor lantzen hasi nintzen». Nolakoa izango da larunbatean eskainiko duzuen kontzertua? Hainbat motatako abestiak entzuteko aukera egongo da. Ez dago jakiterik zer gertatuko den Los Evangelistas taldearen kontzertu batean. Jende guztia gonbidatu nahi dugu Azpeitiko kontzertura; bertaraino hurbiltzen diren guztiak besoak zabalik hartuko ditugu. Larunbatekoa ez da Euskal Herrian eskaintzen duzuen lehenengo kontzertua. Ez. Iaz Bilboko BIME jaialdian egon ginen, eta bertako jendearen erantzuna oso ona izan zen. Euskal Herria lurralde ederrenetako bat dela uste dut, eta bertan jotzeko irrikaz gaude. Hiri handietan eskaintzen dituzue   kontzertu gehienak. Nola aurreikusten duzue Azpeitiko kontzertua? Herri batean kontzertua eskaintzea oso interesgarria iruditzen zait. Azpeitia ezagutzeko gogoa daukagu. Gure ustez oso garrantzitsua da herrietan ere musikaren aldeko apustua egitea. Larunbatekoa abentura oso atsegina izango dela uste dut, eta ilusioz bizi dugun zerbait da. Beraz, Euskal Herrira etortzeak bere xarma dauka. Bai. Nire aitak Euskal Herrian kontzertuak zituenean berarekin joaten nintzen. Gure aitak Euskal Herria maite zuen, eta bertara joaten zen bakoitzean bere ahalegin guztiak jartzen zituen oholtza gainean beti egin zuen moduan. Garai horietako oroitzapen oso onak ditut; beraz, ilusio handiz abestuko diot Euskal Herriari. Gainera, zure aita omentzeko helburuarekin sortu zen Soleá Morente y Los Evangelistas. Los Evangelistas taldearen lehenengo diskoan nire aita omendu zuten, eta lan horretako kantu bat abestera gonbidatu ninduten. Taldearen abestiak asko hunkitu ninduen, eta nire aita Los Evangelistas taldeak egindako lanarekin oso harro egongo zela pentsatu nuen. Ordutik aurrera haiekin jarraitzen dut, eta abesti berriak konposatzen aritzen gara. Iaz LP bat kaleratu zenuten. Lan horretako abestiak entzungo al dira larunbatean? Hainbat kanta abestuko ditugu Sanagustinen: alde batetik Los Evangelistas taldearen lehenengo diskoan biltzen direnak. Gero, iaz kaleratutako LParen abestiak ere abestuko ditugu eta, azkenik, hurrengo urtean kaleratuko dudan bakarkako diskoaren hainbat abesti ere bai. Nolako abestiak aurkituko dira disko berri horretan? Los Evangelistas taldearekin jorratzen ari naizen indie, rock eta flamekoa nahasten dituenak. Hala ere, zaila egiten zait nire estiloa definitzea, ez dut gustuko etiketak ipintzea. Musika egiten dudala esango nuke. Hala ere, egiten duzun guztiari flamenko puntua jartzen diozu. Egia da flamenkotik natorrela, nire senideek ere bide bera jarraitu dutelako. Flamenkotik abiatzen naiz, baina musikaren beste arlo batzuetara ere jotzen dut. Nire bidearen bila nabil, eta aurkitzen ari naizela uste dut. Oso pozik nago kaleratuko dudan diskoarekin. Izan ere, nahi dudana egiten ari naizela sentitzen dut.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide