Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gabonak gertu, era askotako elkartasun ekintzak eta material bilketak antolatu dira herrietan. Gipuzkoako Elikagai Bankuaren ekimenez janari bilketa egin zen joan den hilean herri gehienetan. Baina, hemendik eta Gabonak bitartean, beste batzuk ere antolatu dira Urola Kostan: Azkoitian Benin eta Togora bidaltzeko janaria biltzen ari dira, eta Azpeitian datorren astean Kooperazio Astearen barruan Mendebaldeko Sahararako eta Gipuzkoako Elikagai Bankurako bilduko dute.
Horrez gainera, bigarren eskuko materiala bildu eta hainbat azoka antolatu dira: erabilitako gauzei beste erabilera bat emateko asmoarekin edo beharrean daudenei laguntzeko.
AZKOITIA: Beningo haurrentzat janaria
Azkoitiko Gazteak eta Garapena Gobernuz Kanpoko Erakundeak Beningo haurrentzako janaria bilduko du. Floreaga Ikastetxean jasoko dute hilaren 12an, 13an, 19an eta 20an, eta baita herriko hainbat denden atarietan ere. Galtzen ez diren janariak bilduko dituzte: arroza, pasta, dilistak, babarrunak... «Hemen bertan krisia dugu, eta horregatik aurretik Elikagai Bankuak egindako bilketa babestu dugu. Baina, Benin eta Togo aldean gose handia dute, aurtengo udan bertatik bertara ikusi dugunez: gosea da nagusi; familia askok bi egunez behin egiten dute jatordu bat; eta, ume asko hiltzeko arrisku larrian dago», adierazi dute Gazteak eta Garapenakoek.
AZPEITIA: Bigarren Eskuko Azoka
Elkar-ekinek abenduaren 19rako eta 20rako Bigarren Eskuko Azoka antolatu du. Kasu honetan, batik bat haurrei begira antolatu dute, eta horregatik herrian bazterrean utzitako jostailuak ematera animatu ditu herritarrak. Oraingo bilketa honetan materiala donazio bezala jasoko dute. Gero, herrian beharrean dauden familien artean banatuko dute edo azokan saltzen jarriko. «Udaleko Gizarte Zerbitzuetakoekin harremanetan gaude, eta herrian beharrean dauden familiei bono bat emango zaie azokan behar duten materiala hartzeko. Iaz, ehun familia inguru izan ziren bonoa jaso zutenak», azaldu dute Elkar-ekinekoek.
Material bilketa atzo hasi zuten eta hilaren 17ra bitartean egingo dute. Sanjuandegiko auzo kolakean eta Soreasun bilduko dute 18:30etik 20:30era artean. Baina, aurten, materiala ikastetxeetan (Azpeitiko Urola Ikastolan, Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Iraurgi Ikastetxean eta Azpeitiko Karmelo Etxegarai Ikastolan) ere bilduko dute, baita Gazte Informazio Bulegoan ere.
Azoka Egunak abenduaren 19an Soreasun eta abenduaren 20an Sanjuandegin izango dira.
ORIO: Jostailuak trukatzeko aukera
Orion Herrio Natur Taldea da jostailu truke azoka antolatzen duena. Aurten bosgarren urtez antolatu dute. Igandean egingo dute erabilitako jostailuen truke azoka, herriko plazan, Joxe Mari Erretegiaren ondoan, 10:30etik 15:00etara.
Joan den hilaren bukaeran hasi ziren Herrio taldekoak bigarren eskuko jostailuak jasotzen. Bilketa bihar arte egingo dute, Kosta Tailerrean, 17:00etatik 19:00etara. Jostailuek egoera onean egon beharko dute. Behin jasotakoan, hiru koloreren arabera sailkatzen dituzte, gero trukea errazteko.
ZARAUTZ: - Dispertsioaren gastuak arintzeko
Bihartik aurrera hasiko dira Zarautzen bigarren eskuko azokarako materiala biltzen. Azoka, berriz, hilaren 21ean egingo dute egun osoz, Merkatu Plazan. Bigarren Eskuko Azokan saldutakoarekin bildutako dirua «dispertsioak sortutako gastuak arintzeko» dela azaldu dute antolatzaileek.
Era askotako materiala biltzeko asmoa dute: arropa, jostailuak, bitxiak, liburuak, diskoak... Bilketa Merkatu Plazaren atarian egingo dute, udaletxearen ondoan: bihar 19:00etatik 20:00etara, larunbatean 12:00etatik 13:00etara, abenduaren 19an 19:00etatik 20:00etara eta abenduaren 20an, 12:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 18:00etara.
- Janari bilketa La Salle ikastetxean
Larunbatean La Salle ikastetxean Jai Solidarioa antolatu dute, 12:00etan hasita. Bertan, Caritasentzako janaria eta garbiketako produktuak bilduko dituzte: hortzetako pasta, xaboia, haurrentzako pixoihalak eta toallita bustiak, arroza, makarroiak, olioa, esnea, turroia eta gozokiak.
ZESTOA: Arropa, oinetako eta jolasen bilketa
Bihar arratsaldean eta etzi goizean arropa, oinetakoak eta jolasak bilduko dituzte udaletxearen azpian. Bilketa Zestoako Elikagai Bankuaren Taldeak antolatu du. Joan den hilabetean janaria bildu zuten herriko dendetan, pasa den asteburuan jolas bilketa egin zuten Zestoako Gaztelekukoekin batera, eta orain jostailuez gainera arropa eta oinetakoak jasoko dituzte. Bildutako materiala Udaleko Gizarte Zerbitzuen bidez beharrean dauden herritarren artean banatuko dute. «Bildutakoaren zati bat orain banatuko da, eta soberan gelditutakoa urtean zehar sortzen diren beharretarako izango da. Material zehatz bat gehiegi daukagula ikusiz gero Caritasi helaraziko diogu», diote Zestoako Elikagai Bankua taldekoek.
UROLA KOSTAKO HERRIETAN: Martuteneko presoentzako
Espetxe Pastoraltzakoak Martuteneko kartzelako presoentzako hainbat gauza biltzen ari dira herrietako parrokietan. Hilaren 18ra artean jasoko dituzte. Honakoak eskatzen dituzte: artilezko txanoak, gizon eta emakumezkoen barruko arropa berria, txankletak eta kirol oinetakoak (emakumezkoentzat 37-40 eta gizonezkoentzat 41-44 zenbaki artekoak), galtzerdiak, azazkalak moztekoak, tabako gorria eta metxeroak, turroi biguna eta gutunazalak eta zigiluak. Jasotako materiala presoen artean Eguberri bezperan banatuko dute.