Adur Letamendia: "Burua lasai edukitzea lortzen badut, uretan ongi moldatuko naiz"

Aritz Mutiozabal 2014ko abenduaren 11

Urria erdialdean zabaldu zuten Getxoko Punta Galea Challenge olatu handien txapelketa jokatzeko epealdia. Alerta berdea, ordea, astelehenean piztu zuten, proba gaur jokatuko dela iragarriz. Parte hartuko duten 24 surflarien artean Adur Letamendia (Zarautz, 1982) ariko da, olatu handien nazioarteko zirkuituan lehian dabilen euskal surflari bakarra. Luze egin al zaizu itxaronaldia? Horretan gehiegi ez pentsatzea da onena, eta unea iristean prest egotea. Itsasoa tartean dagoenean zuk zeuk ezin duzu ezer egin; itxaron, besterik ez. Itsasoa pizten denean, orduan jartzen zara urduri.  Pena izaten da halako txapelketa bat antolatu, eta negu osoa pasa ondoren jokatu gabe geratzea. Batzuetan abenduan etortzen da itsasaldia, eta besteetan urtarrilean. Inoiz ez da jakiten. Beraz, prest egon beharra dago, baina uneoro horretan pentsatu gabe. Zer moduz aurkitzen zara? Ondo. Olatu handietan aritzeko batez ere esperientzia behar izaten da. Gero eta gehiago ibili, orduan eta eskarmentu handiagoa zeureganatzen duzu. Nik 31 urte ditut, eta 16 urte ingururekin hasi nintzen olatu handiak hartzen. Beraz, badaramat urte mordoxka bat bizipen latzak eta ez horren latzak izaten. Esperientziaz gain, bi  gauza izan behar dira kontuan: batetik, fisikoki ongi egotea, eta, bestetik, burua bare edukitzea. Neu fisikoki ongi aurkitzen naiz, nahiz eta ez dudan nahi adina surf egin azkenaldian. Burua beti lasai edukitzen saiatzen naiz, eta hori lortzen badut, uretan ongi moldatuko naiz. Ez zara txapelketan ariko den zarauztar bakarra, ezta? Hasiera batean Indar Unanue, Aritz Aranburu eta hirurok parte hartzekoak ginen, baina Aranburu ez da izango, une honetan Hawaiin dabilelako lehian. Beraz, Gipuzkoatik Unanue eta biok izango gara Punta Galean. Eta nola ikusten duzu laguna? Niri iruditzen zait Unanue ni baino surflari hobea dela. Asko entrenatzen du, eta txapelketatik kanpo ere beti dabil uretan. Oso surflari trebea da, gainera. Bestalde, bion artean oso gauza bitxia sortu da: azken bost urteetan biok elkarrekin joan gara auto berean Punta Galeako txapelketara, eta urte horietan guztietan sariren bat lortuta itzuli gara etxera. Beraz, ohikoak gara lehia horretan. Sariak aipatu dituzu... Bai, duela bost urte berak irabazi zuen, eta duela lau ere sariren bat lortu zuen. Orain dela hiru urte txapelketako olatu hoberena hartu nuen nik, eta hurrengo urtean finalera iritsi nintzen, hirugarren sailkatuz. Iaz ere finalera heldu nintzen, eta txapelketako euskal surflari onena izan nintzen. Zer duzue, talisman modukoa? Badirudi baietz. Olatu handiko txapelketa askorik ez dago, eta honako honetan antolatzaileen lana azpimarratu behar da, beti pauso bat aurrera egiten saiatzen direlako. Oraintxe bertan ASP nazioarteko surf elkartearen barruan dago, eta hori guretzat oso garrantzitsua da, uretan profesionalekin zaudelako. Hawaiiko, Hego Afrikako eta Australiako espezialistak datoz, surflari oso onak. Haien ondoan geuk ere ikasi egiten dugu, eta guk ikasten badugu, gure ondorengoei irakatsi ahal izango diegu. Nazioarteko txapelketak norbere lurraldean izatea oso aberasgarria da. Lehenbiziko aldiz sartu al dute proba hau ASPko zirkuituan? Iaz zirkuiturako puntuagarria zen proba gisa hartu zuten, nahiz eta zirkuituaren barruan ez sartu. Aurten jada zirkuituan barneratu dute. Denboraldiko bira sei probek osatzen dute: hego hemisferioan Peru, Txile eta Hego Afrikak, eta ipar hemisferioan, Mexiko, Hawaii eta Euskal Herriak. Beraz, Getxokoa nazioarteko zirkuituko txapelketetako bat da. Horregatik da garratzitsua aurtengo ekitaldia, inoizko mailarik handiena izango duelako. Zirkuituan ari zara lehian zu.  Nola sortu zen aukera? Iaz Punta Galeako proba ASPrako baliagarria zen, eta ni finalera iritsi nintzen; laugarren postuan bukatu nuen. Ondorioz, urte hasierako munduko sailkapenean 13. postuan kokatu nintzen ia-ia oharkabean. Zirkuituko probetan sailkapeneko lehen hamabi sailkatuek hartzen dute parte, baina surflariren batek kale egiten badu, lesioagatik edo beste edozerengatik, niri ematen didate haren partez lehiatzeko aukera, sailkapenean hurrengoa naizelako. Modu horretan, Peruko Pico Alton aritu naiz lehian aurten. Beraz, urte osoa nago erne, batera edo bestera surf egitera joateko. Nolako esperientzia izaten ari da? Oso ona, baina aldi berean, arraroa. Nik nire lana dut, ez naiz surfa praktikatzetik bizi. Orduan, bat-batean halako gauza batean ibiltzea sekulako ohorea da. Hala ere, nire lehentasunak lana eta familia dira, eta honako hau opari polit bat da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide