Zarauzko PSE-EE "gustura" dago 2014ko aurrekontuetan haren zenbait proposamen onartu zirelako

Urola Kostako Hitza 2014ko abenduaren 10a

Abenduko Osoko Bilkuran dira 2015eko aurrekontuak aukeztekoak  Zarautzen, eta testuinguru hori aprobetxatuz aurtengoen balantzea egin du PSE-EEk. Horiek negoziatzekoan,  alderdi sozialistak gogoratu du "zarauztarrentzat garrantzitsuak" diren izaera sozialeko partida batzuk gehitzea lortu zuela iaz. "Legealdi hasieratik ari gara eskatzen herriko ekonomia, enplegua eta ekintzailetasuna bultzatzeko partidak finkatzeko. Beti ezetz esan digute. Tristea da hiru urte itxaron behar izana horiek martxan jartzeko", nabarmendu dute PSE-EEtik. "Ezker abertzalea abertzalea da, bai, baina ez ezkerrekoa", salatu dute. Era berean, PSE-EEko ordezkariek 2011tik galdegin dute  ekintzaileei eta euren negozioan obrak egin behar dituztenei hobariak emateko zein tasa horiek ordaintzetik salbuesteko. "Proposamen hori jaso dute azaroko udalbatzarrean onartutako diru laguntzen oinarrietan. 86.000 euroko partida finkatu dute, guztira. Gustura gaude horrekin, baina,  kexu gara laguntza horiek azken urtera arte ez dituztelako  jarri abian. Bildu, ordea, oso eraginkorra izan da Ehuntzenen propagandarekin; horretarako izan dute denbora eta dirua. Dagoeneko udalaren 75.000 euro xahutu dituzte propaganda politiko horretan". Halaber, PSE-EEk aurtengo aurrekontuetan 90.000 euroko partida jasotzea lortu zuela ohartarazi du, eta horrekin, eskola publikoan, besteak beste, toldoak jarri, komunak berritu eta bizikletak lotzeko gailuak areagotu ahal izan direla nabarmendu dute. "Gugatik ez balitz izan, ez lirateke lan horiek egingo". "Berandu eta gaizki" Era berean, eskolako materiala erosteko diru laguntzak abiatzea ere lortu zuen PSE-EEk, baina, "berandu eta gaizki" jarri ditu Udal Gobernuak martxan, alderdi sozilistaren ustez. "Presio handia egin dugu horiek martxan jartzeko, badakigulako partida horien bidez asko lagun diezaiekegula zarauzko familiei. Aurreko ikasturtea amaitu aurretik eman beharko lukete horien berri eta irizpide garbiekin kaleratu". Bilduk 45.000 euroko soldata jarri zuela muga gisa esan du, eta PSE-EEren arabera, familia horiek ez dutela diru laguntzik behar nabarmendu dute: "PSE-EEk gizarte larrialdi baremotan sartzen ez diren familiak lagundu nahi ditu, ikasturte hasierari aurre egiteko zailtasunak dituzten familiak, hain zuzen". Halaber, torreoia berritzeko partidak ere proposatu zituen alderdi horrek, eta hori onartu dela dio, eta baita kaleratutako familiei laguntzekoak ere. "Araba kaleko bidegorria egiteko partida, berriz, San Inazio kaleko bidegorri zatia egiteko erabili dute. Hori, gure ustez, ez zen lehentasuna". Vista Alegreko eta Azken Portu Goiko irisgarritasunaren azterketak egiteko diru partidarik ez zuten jaso, ezta mintegia egiteko ere. Bestalde, "gustura" agertu da Udal Gobernuak parke estalien prozesua abiatu duelako, baina horretarako "horrenbesteko partida" gordetzea ez zela "beharrezkoa" salatu dute. "Ez dute neguetxearen ordutegia zabaltzeko egin genuen proposamena kontuan izan. Zehazki, arratsaldeko seiretan irekitzea proposatu genuen, bederatzietan izan beharrean, eta baita bertan jangela soziala bat atontzeko ere bai, baina ez dute egin", kritikatu dute. 150.000 eurotik gora kostatu duen "propoganda soberan" dagoela aitortu dute, eta baita ETAko presoei bideratutako laguntza (6.000 euro), Udalbiltzara zuzendutakoa (15.000 euro), Uemara (22.000 euro), herri sarreko karteletara (20.000 euro inguru), Nafarroa kaleko biribilgunera (400.000 euro) eta Udal Gobernuaren komunikazio enpresara (36.000 euro), besteak beste.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide