Jose Kruz Gurrutxaga: "'Mongiekin' bidaia magikoa hasi, eta kontu arraroak gertatzen dira"

Ane Olaizola 2014ko abenduaren 10a

Jose Kruz Gurrutxaga (eskuinekoa) 'Barealdi magikoa' antzezten (Manuel Diaz de Rada). Antzerki Zentro Nazionalaren eta Etxepare Euskal Institutuaren arteko hitzarmenari esker, Alfredo Sanzol antzerkigile nafarrak La calma mágica / Barealdi magikoa euskarazko eta gaztelaniazko antzezlana sortu du, Tanttaka Teatroa konpainiarekin. Euskarazko taldeko aktoreetako bat da Jose Kruz Gurrutxaga (Azkoitia, 1973), Itziar Ituño, Mireia Gabilondo, Aitziber Garmendia eta Martxelo Rubiorekin batera, eta Oliver protagonistaren rola antzezten du azkoitiarrak. «Berezia» da lana, «pertsonala». «Gauza asko nahasten dira, eta ondo ulertzeko ikusi egin behar da», esan du. Langile batek lo hartzen du bulegoan, eta bezeroak sakeleko telefonoarekin grabatzen du. Hori da lanaren abiapuntua. Gaurko errealitateari lotutako istorioa dela dirudi. Bai. Zalantzarik gabe, gaurkotasunari lotutakoa da zentzu horretan. Oliverrek lo hartu eta bideoz grabatzen dutenean, borratu dezan eskatzen du, baina bestea ukatu egiten da. Gatazka bat sortzen da hor, baina istorioa hortik haratago doa. Ez da istorio lineala: ikuskizuna lan elkarrizketa batekin hasten da, eta enpresakoak mongi-ak eskaintzen dizkio. Hor, bidaia magiko bat hasten da, eta argumentuaren haria bideoaren gertaera da. Tartean, ordea, kontu abstraktoak eta arraroak gertatzen dira. Justizia kontuak, teknologien erabilpena, gertaera emozionalak... jorratzen dira. Bidaia bat al da, orduan? Bai, hori da. Zaila da azaltzea, baina bidaia partikular bat da. Justizia, teknologien erabilpena... aipatu dituzu. Gai horien inguruan hausnartu nahi al da? Ez bereziki. Sanzolen aita hil egin zen, eta ondoren idatzi zuen obra, eta hari ikustea gustatuko litzaiokeen lan bat da. Aita omentzeko obra bat izan daiteke, eta zentzu horretan, oso pertsonala da. Ez da gai jakinetan sakontzen, haratago doa. Emozioak eta bizipenak kontatzeko asmoa du. Oliverrek, nire pertsonaiak, duen izaerak autorearen zati baten alter egoa dirudi. Oso lotsatia da, eta perfekzionista ere bada. Guztia ondo egin behar du, eta justizia badagoela ulertzen du. Hori aldarrikatzen du, muturreraino eraman arte. Pertsonaiak muturreraino eramanda daude hemen. Egungo antzerki panoramako zuzendari eta autore garrantzitsuenetarikotzat jotzen dute askok Alfredo Sanzol. Nolakoa da berarekin lan egitea? Lan egiteko orduan oso ondo moldatu naiz berarekin. Oso apala eta jatorra da, nafarra [barreak]. Bi hizkuntzetan eta bi talde zuzentzeko zortea izan du. Hasiera batean, talde bakarrak euskaraz eta gaztelaniaz egitea zen asmoa, baina testu asko zegoen, eta gehiegizko lana zela- eta, azkenean aktore taldea bikoiztu egin du. Gaztelaniazkoek goizetan entseatzen zuten, eta euskarazkoak arratsaldeetan elkartzen ginen. Zuzendariak esaten du aberasgarria izaten zela, guk ematen genuena besteentzako osagarria izan zitekeelako, eta alderantziz. Hizkuntzari dagokionez, berriz, badaude ñabardura batzuk batean eta bestean, baina Harkaitz Canoren itzulpena gaztelaniazko lanaren oso fidela da kontzeptu aldetik. Aktoreak ere lehen mailakoak zarete. Ibilbide handia dute, baina hori baino garrantzitsuagoa da lagunak izatea. Askotan aipatu izan dugu hori. Aspalditik ezagutzen dugu elkar, eta horrek onura asko dakartza. Luxu bat da. Euskarazko lana Madrilen estreinatu zenuten, eta Gasteizen ere eskaini duzue. Nolako erantzuna izan du? Madrilen, ez genekien nola joango zen, baina lehenengo egunean behintzat jende ezaguna joango zelakoan geunden. Gaztelaniazko azpitituluekin eman genituen bi saioak, eta bitxia izan zen. Lehenengo egunean, euskaldun gehiago etorri ziren, eta umorea eta txisteak berehala harrapatzen zituzten. Bigarren egunean, ordea, jende gehiago egon zen azpitituluetara begira. Eta, zer moduz? Esaldiak makalago joango ziren, edo behintzat irakurri egin behar zuten, eta horrek eragiten duen atzerapenarekin, publikoak ere beranduago egiten zuen barre. Gainera, lanak oso umore pertsonala du, eta bitxia zen euskaldunek eta erdaldunek une desberdinetan egiten zutela barre. Gasteizkoa, berriz, publiko euskaldunarentzako lehenengo emanaldia izan zen, eta oso ondo funtzionatu zuen. Hemendik aurrera, ikusi beharko da zer gertatzen den. Beste proiekturik ba al duzu? Bi urtetan Munduari itzulia 80 egunean lanarekin ere banabil. Emanaldi pila bat egin ditugu, eta sari asko jaso ditugu. Oso ondo funtzionatzen duen ikuskizuna da. Bukatzen ari dela esango nuke, baina gero emanaldi gehiago ateratzen dira. Telebistan jardundakoa zara, zineman ere lan batzuk egin dituzu, eta azken urteetan antzerkian zabiltza. Hor sentitzen al zara erosoen? Lana dagoen lekuan sentitzen naiz eroso. Normalean ez da gure esku egoten lana, eta hala bada, seinale ona izaten da. Luxu bat da aukeratzeko ahalmena edukitzea. Gertatzen da, ordea, proiektuak etorri behar ez dutenean etortzen direla. Denbora pila bat ezer egin gabe egoten zara, eta gero guztiak batera etortzen dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide