Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zestoako Iraeta auzoko bizilagunek hainbat urte daramate bertako Kale Nagusia berritzeko eskaerak egiten. Eskaera horiei erantzuna emanez, Zestoako Udalak aste honetan hasi ditu hura berritzeko lanak: «Herritarrek zerbait egiteko eskatzen ziguten, kalea berritu egin behar zela zioten», adierazi dio HITZAri Ruben Alberdi Zestoako Udaleko Hirigintza batzordeburuak.
Iraetako kale nagusiaren berritze lanak 200.000 euro inguruko gastua izango du, eta hiru hilabete inguru iraungo dute. Hainbat lan egingo dira bertan: kalean asfaltatze lanak egingo dira– hau da, bertako lur guztia berrituko da– eta saneamendu lanak eta kale nagusiko argindarraren kable instalazioa lur azpitik jarriko dute, orain arte argindarraren instalazioa etxeetako kanpo hormetan egon baita.
Bertako kaleargiak eta zuhaitzak ere berrituko dituzte. Izan ere, bizilagunek salatu dute kale horretako zuhaitzen sustraiak kalea altxatzen ari direla, eta horren ondorioz, sustraiak bertikalki hazten dituen zuhaitzak jarriko dituzte haien ordez. Alberdik azaldu duenez, pilotalekuaren sarrera handitzeko lanak ere egingo dituzte: «Pilotaleku ondoko kalerako sarrera oso estua da, eta Iraetatik Zumaiara doazen autoek ondoko erraila inbaditu behar izaten dute. Beraz, pilotalekuaren sarrera zabaltzeko asmoa dugu, irteera errazteko».
Alberdik azpimarratu duenez, Iraetako kale nagusiari «plaza itxura» eman nahi diote.
Auzotarren erabakia kontuan
Udala herritarrekin bildu zen asteazkenean, elkarrekin proposamenak entzun eta hainbat erabaki hartzeko. Alde batetik, bizilagunek erabakiko dute kale nagusian jarriko den espaloiaren kolorea. Bestetik, parkean soinketa tresnak edo bi banku jartzeko proposamena egin zuen udal gobernuak. Auzotarrek izango dute azkenengo hitza, eta oraindik zer egingo den erabaki gabe dago.
Bestetik, Zestoako Udalak jakinarazi du argindarraren kable instalazio lanak hasi aurretik bertako bizilagunei abisua pasatuko zaiela: «Instalazioa etxez etxe egin behar da, eta beraz, bertako bizilagunekin harremanetan egon beharra dugu».