Zarauzko PSE-EE: "Etorkizun itxaropentsu bati heltzeko beharrezkoa da memoria bizirik mantentzea"

Urola Kostako Hitza 2014ko abenduaren 10a

"Elkarbizitzaren alde lan egin nahi bada, amarruek ez dute balio". Zarauzko PSE-EE udal taldeak pasa den azaroaren 10a ekarri du gogora, Memoria Eguna. Patxi Elola zinegotziak oroitu du 2007tik antolatzen dutela egun hori Zarautzen, biktima guztiak aitortzea beharrezkoa delako, "biktima guztiek dutelako memoriarako eskubidea". 2011ean Bildu gobernura heldu zenean egun hori antolatzeari utzi ziotela esan du, eta 2013an berreskuratu zuela oposizioak ohitura hori. "2104ean ez da izan ekitaldi bateratua, PPk eta EH Bilduk ez dutelako parte hartu". Hori dela eta, Elolaren arabera, "batzuk hauteskundeetan pentsatuz" ari dira lanean, "giza eskubideak beti errespetatu behar direla eta elkarbizitza egunero landu behar dela ahaztuz". "Zoritxarrez, gizartearen zati batek terrorismoa bukatu dela uste du,  oraindik ere ETA desargertu ez denean eta armak eman ez dituenean. Askok nahiago dute etorkizunera begiratu iraganean gertatutakoa oroitu gabe. Demokraziaren aurka borrokatu zirenek hori onartu beharra daukate, eta uste sendoarekin egiten badute, hobe", nabarmendu du PSE-EEko bozeramaileak. Migel Unamunoren esaldi bat gogoratu du Elolak, hala: Historia ahazten duenak, hori errepikatzera dago kondenatuta. "Horregatik uste dugu etorkizun itxaropentsu bati aurre egiteko beharrezkoa dela memoria bizirik mantentzea, ez baitugu nahi historia lazgarri hori errepikatzea".

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide