Azpeitiko aurkezpenean elkartu zirenak.
(Miriam Tamayo)
Apirilean aurkeztu zuten Mintzanet egitasmoa Azpeitiko Euskara Patronatuan. Egitasmo honen helburua euskaraz moldatzen diren pertsonen eta zailtasunak dituztenen artean Internet bitartez komunikazioa ahalbidetzea da. Hala azpimarratu zuen Ritxi Lizartza Mintzanet proiektuaren arduradunak: «Beste hainbat arrazoiz gain, herriko plazara jaitsi ezin dutenek ordenagailu edo sakeleko telefonoaren bitartez euskara praktikatu ahal izateko proiektua da Mintzanet».
Orain, Mintzanet egitasmokoek eta KZguneek sinatu duten hitzarmenari esker, KZguneetatik parte hartu ahalko da egitasmoan. «Akordio honi esker, KZgunearen erabiltzaileek eta bertaraino lehenengo aldiz gerturatzen direnek, nahi badute, Mintzaneten parte hartzeko aukera izango dute».
Bidelagunak eta bidelariak
Bidelagunek (euskaraz dakitenak) eta bidelariek (euskara maila hobetu nahi dutenak) 30 minutuko solasaldiak dituzte euskara ahoz lantzeko. Eta koordinatzaileek adierazi dutenez, gaur egun 250 pertsonek hartzen dute parte egitasmoan.
Azpeitiko lehenengo saioan herriko bi aurpegi ezagun izan zituzten: Mikel Aranburu futbolari ohia eta Xebastian Lizaso bertsolaria aritu ziren, hain zuzen.