Azkoitiko Udal Gobernuak gazteek etxebizitzak aloka ditzaten lagundu nahi du

Ane Olaizola 2014ko abenduaren 5a

Azkoitiko Udalak abenduaren 19ko udalbatzarrean bozkatuko ditu hurrengo urteko udal aurrekontuak. Hala, Bilduren udal gobernuak bere proposamena aurkeztu du prentsaurrean. Urrategi Alberdi Azkoitiko alkateak adierazi duenez, 13 milioi eurorekin osatu dute aurrekontu orokorra (13.010.000 euro, zehazki). Esan du maileguak ordaintzeko iaz baino 443.554 euro gutxiago eta 2013an baino 1.132.500 euro gutxiago izango dutela, eta beraz, inbertsioetarako aukera zabalagoa izango dutela azpimarratu du. Hain zuzen, inbertsiorik handiena Floreaga auzoan egitekoak diren igogailuak eskatuko du. 500.000 euroko partida aurreikusi dute proiektu hori egiteko. Hango bizilagunen irisgarritasuna hobetzeko asmoz jartzekoak dira igogailua, Aldalur autobus enpresaren ondotik auzoaren goialderaino, bi pisurekin. «Herritar askori eragingo dio», esan du Alberdik. Datorren urteko aurrekontuen bidez «Azkoitia justuagoa, biziagoa eta txukunagoa» nahi dute lortu. Horretarako, besteak beste aurtengo diru laguntzak mantentuko dituzte, eta beste batzuk indartuko dituzte. Alokairua sustatzeko, 148.000 euroko partida emateko asmoa dute: batetik, alokairu sozialera bideratzeko etxeetan egin behar dituzten obretan lagunduko dute. Bestetik, gazteak gurasoen etxebizitzetatik emantzipatu daitezen, etxebizitza bat alokatzeko haiei zuzendutako diru laguntzak eskainiko dituzte. Azkenik, saltokia martxan jarri nahi dutenek laguntzak jasoko dituzte alokairurako. Gizarte Zerbitzuetako partidak ere indartu egin nahi dituzte, 106.000 euro gehiagorekin. Arlo horretan, etxez etxe eskaintzen duten laguntza zerbitzuak 67.000 euro gehiago izango luke, 545.000 euro guztira. Alberdik esan duenez, udal gobernuak berdintasunean,  «apustu sendoa» egiten jarraitu nahi du aniztasunean eta parte hartzean, eta beraz, arlo horietara ere diru gehiago bideratzeko asmoa daukate. Era berean, auzo elkarteak sustatzeko diru laguntzak eman asmo du hurrengo urtean. Garapen bidean dauden herrialdeak laguntzeko, iaz baino 27.000 euro gehiago jarriko dituzte. Guztira, 74.000 euroko partida izango du honek, beraz. Ekonomia suspertu eta langabeziari aurre egiteko partidak, berriz, 227.000 euro izango ditu, besteak beste, enplegu planerako, lan orientazio zerbitzurako nahiz ekintzailetasuna sustatzeko. Beste hainbat proiektu ere gauzatu nahi dituzte 2015ean. Hala nola, baratze ekologikoak jarri nahi dituzte herritarrek erabili ditzaten, eta Udaltzaingoaren zerbitzua ostiral gauetara zabalduko dute. Xabier Munibe haur eskolan, berriz, aterpea egingo dute, eta Balda Kalean barandilla berrituko dute. Era berean, partidak indartzea aurreikusten dute herri barruko bidegorria osatzeko, herri aldizkaria martxan jartzeko eta umeentzako zinema saioak antolatzeko eta estreinuko filmak ekartzeko. Danon Herrixe prozesuan herritarrek aukeratutako proiektuak ere sartu dituzte proposamenean. 250.000 euroko partidarekin, Liburutegi ondoko parkea estaltzea, baserri bideen partida indartzea, tenis pistak konpontzea eta espaloiak konpontzeko partida indartzea bozkatu dute azkoitiarrek. Udal gobernuak helarazi die proposamena gainontzeko alderdiei, eta atzo ziren oposizioaren ekarpenak jasotzekoak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide