Larburu eta Torriko Pulpo eskubaloi taldeko jokalariak (Izaskun Urbieta/Baleike).
Xabier Larburuk (Zumaia, 1985) eta Ander Torrikok (Zumaia, 1997) Pulpo taldearen arima islatzen dute: esperientzia eta gaztetasuna. Hori da eskubaloi talde berrituaren binomio perfektua. «Beteranoek duten esperientziak eta gazteek ekarri duten txispak taldearen funtzionamendua hobetu du. Nahasketa ona da», aipatu dute biek. Azken urteetako emaitza kaskarrak eta buruhausteak alde batera utzi dituzte. Helburua maila ez galtzea da –lehen maila nazionalean daude–, baina sailkapeneko seigarren postuan egonik, gustura dira osatzen ari diren denboraldiarekin.
11 partida jokatu dituzue eta horietatik 7 irabazi, 1 berdindu eta 3 galdu dituzue. Aspaldiko denboraldi hasierarik onena egiten ari al zarete?
Xabier Larburu: Lehenengo bira bukatzeko 4 partida bakarrik falta zaizkigu, eta seigarren postuan gaude. Bai, nik uste aspaldiko hasiera onena eman diogula.
Ander Torriko: Aurreko batean Letamendia entrenatzailearekin hitz egiten aritu nintzen, eta berak baieztatu egin zidan hori.
X.L.: Azken urteetan sailkapeneko beheko postuetan ibiltzen ohitu gara, beti mailaz ez jaisteko borrokan. Orain ematen du beste aspirazio batzuk edo, behintzat, errazago mantentzeko aukera izango dugula.
Orain beste egoera batean zaudete, beraz. Nola ari zarete bizitzen momentu hau?
X.L.: Beste motibazio bat daukagu. Egia da jubenil batzuk igo ditugula taldera, eta horiek gure aldean beste txispa bat dutela. Hori guretzat akuilua da, hobetzeko. Taldea oso motibatuta dago. Ikusita, gainera, lana ongi ateratzen ari dela eta taldeak erantzun egiten duela, jokalariontzat motibazioa handitu egiten da.
Zein da talde honen sekretua?
A.T.: Oso giro ona daukagu geure artean, eta hori garrantzitsua da taldearen funtzionamenduan.
X.L.: Bai, hala da. Gainera, entrenatzaile berria izateak aldaketa batzuk ekartzea suposatu du. Metodologian, lan egiteko eran, bakoitzaren motibazioa aurkitzeko moduan…
Gazteak igo dituzue taldera. Zein alde on eta txar ditu horrek?
X.L.: Adinez seniorrak direlako hiru-lau gazte igo dira. Horiez gain, jubenilak diren bostek debutatu dute gurekin. Lehen aipatu dudan moduan, gazteek txispa sartzen diote taldeari, eta goleatzaile paregabeak dira. Baina, beste aldetik, beteranoek ere–Josuk, Manexek, Berisek…– esperientzia ematen dute. Defentsako lan ederra egiten dute, askotan ezkutuan geratzen den lan hori. Orduan, bien nahasketarekin emaitza ona ateratzen dela uste dut.
Zu, Ander, zer moduz egokitu zara nagusiekin jokatzera?
A.T.: Nire kasuan, iaz egin nuen debuta helduekin, eta orduan jauzia handiagoa iruditu zitzaidan. Aurten hobeto ari naiz moldatzen. Esperientzia hau, gainera, baliagarria egiten zait jubenilekin jokatzen dudanean. Zaharrekin nagoenean defentsa handiagoa izaten da, indar gehiago erabiltzen da… Jubeniletan, berriz, gutxiago izaten da. Gustura nago bietan.
Nola egiten duzu bi partiduetan egoteko?
A.T.: Partidak etxean ditugunean, bata bestearen jarraian jartzen ditugu. Baina, talde nagusiarekin jokatzen dugun hirurok jubenilekin apenas jokatzen dugun. Bertan egoten gara, zerbait pasatuz gero pistara ateratzeko. Baina guk zaharrekin entrenatzen dugu, eta gure jubeniletako entrenatzaileak nahi izaten du beste jubenilek jokatzea, beraiek ateratzea partida aurrera. Zailduz gero, edo norbaitek min hartuz gero, hor gaude gu; baina, oraingoz, partida gutxi batzuetan bakarrik jokatu dugu. Bigarren postuan daude sailkapenean, eta ongi ari dira.
X.L.: Jubenilen helburua da liga lehenengo lauretan bukatzea, horrek Euskadiko Txapelketa jokatzeko txartela ematen baitie.
A.T.: Hori da. Aurten, gainera, azkeneko aukera dugu Euskadiko eta Espainiako faseetan ongi ibiltzeko, gure azken urtea izango baita. Azken bi urteetan Euskadiko txapeldunak izan gara, eta Espainiako lehenengo fasea herrian jokatu dugu. Gure helburua berriro horra iristea da.
Entrenatzaile berria duzue, Ibon Enbil bueltatu da… Honek guztiak hobekuntza eta esperientzia ekarriko zion taldeari, ezta?
X.L.: Noski. Ibon, hala ere, orain dela gutxi hasi da gurekin. Eta, bere hitzetan, giro oso ona daukagulako hasi da. Denboraldi hasieratik gurekin entrenatzen ari zen, baina ez zuen jokatzen hastea pentsatzen. Azkenean animatu egin da, eta azken bi partidak jokatu ditu. Ibonek duen esperientzia inork ez du talde honetan, eta batez ere defentsako lana egiten du.
A.T.: Entrenatzailea ere oso prestatuta dago. Iaz arte Zarautzen ibili da entrenatzaile gisa, eta han ere asko ikasi du.
Pertsonalki denboraldi bikaina burutzen ari zarete biok: lan txukuna egiten, golak sartzen… Jendearen ahotan zaudete.
X.L.: Azken partidan 7 gol sartu nituen, bai. Baina nire helburua ez da golak sartzea. Nire lana taldean beste bat dela esango nuke. Erasotzerako momentuan, besoak ez dit aukera askorik ematen. Baina hilabetez Kauldi eta Mikel jubenilak min harturik egon dira, eta orduan ardura gehiago hartu dut erasoan.
A.T.: Ni oso gustura nabil. Uste dut momentu onean aurkitzen naizela, eta disfrutatzen ari naiz. Xabik esan bezala, Kauldi eta Mikel lesionatuta egotea igarri egin da taldean. Horrek, golak sartzerakoan, beharbada, guri bioi eman digu protagonismo gehiago.
Larunbatean Arrasateren aurka ariko zarete. Sailkapenean berdinduta zaudete hamabosna punturekin.
A.T.: Gure aurkaririk zuzenena da momentu honetan. Partida gogorra izango dela aurreikusten dugu, eta gainera, etxetik kanpo jokatuko dugu.
X.L.: Defentsiboki talde gogorra da, eta beraien jokalariak ere nahiko helduak dira. Esperientziadun pertsonak, urte askoan dabiltzanak. Baina motibazio handiarekin goaz, irabaziz gero beraien aurretik jarriko baikara sailkapenean.
Belaunaldi berriak indarrez sartu dira, eta helduagoak ere azken urteetako lanari eusten ari zarete. Trantsizio urte bat bezala definitu al daiteke hau? Belaunaldi aldaketarako prestaketa?
X.L.: Nire iritziz, azken bi-hiru urteak izan dira trantsiziozkoak. Hemendik aurrera talde egonkor bat osatzen saiatuko gara. Gazte batzuk igo dira, eta helduen mailan bigarren talde bat ere badago. Hurrengo urtean adina betetzen dutenek ere emango dute jauzia talde nagusira. Beraz, belaunaldi berriei esker jarraipena ziurtatuta egongo dela uste dut.