Jon Arrue Aizarnan arrautza ekologikoak ekoizten hasi da (Nerea Uranga/Hitza).
Krisiak lanerako bide berriak bilatzen eta jorratzen hastera behartzen ditu batzuk. Horietako bat izan daiteke Angel Olabarria azpeitiarra. Beste batzuentzako, berriz, betitik buruan izan duten asmo, gogo edo amets hori ereiten hasteko bultzada da; kasu honetan Jon Arrue aizarnarra izan daiteke adibideetako bat.
Aizarnan (Zestoa) bere lan proiektua bete-betean aste honetan jarri du martxan Jon Arruek (Aizarna, Zestoa, 1981). ErtxiñEko izenean arrautza ekologikoak ekoiztu eta saltzen hasi da. Jardun honetan hasi aurretik, beste era bateko lanbide batean aritu zen aizarnarra: «Tailer batean ibili nintzen lanean, kalitateko probak-eta egiten. Ez nuen egoera ona ikusten lantegian, eta hango lana ere gehiegi ez zitzaidan gustatzen».
Arruek aitortu du lantegian hasi aurretik ere buruan zuela baserri giroko edo nekazaritzari lotutako lan bat izateko gogoa: «Beti horretan pentsatzen eta pentsatzen ari nintzen. Halako batean, arrautzen ekoizpenaren inguruko ikastaro bat ikusi eta izena eman nuen. Hemen inguruan horrelako ekoizpenik bazegoen ere aztertu nuen, eta gainera lana uzteko aukera eman zidaten. Orduan, bide berri hau hartzeko lanean hasi nintzen».
Aurrez oilotegia izan zen eta orain utzita zegoen Aizarnako eraikin bat ere begiz jota zuen Arruek. Baina proiektua martxan jartzeko bidea uste baino luzeagoa da. «Eraikinaren jabearekin hitz eginda nengoen, eta alokatzeko prest agertu zitzaidan. Orduan, hasteko aukera zela argi ikusi nuen. Oilotegian obra txiki bat egin, eta hasteko moduan izango nintzela uste nuen, baina prozesua uste baino luzeagoa da».
Urtebeteko prestaketa lanak
Arruek bere proiektua aurrera ateratzeko gazte nekazarientzako GazteNEK diru laguntza jasotzeko aukera izan du: «40 urtetik beherako gazteentzako diru laguntza horietan aukeratu zuten nire proiektua. GazteNEK planean sartzeko proiektua bideragarria den edo ez aztertzen dute aurretik, eta nirea onartu egin zuten. Gero, epe batzuk bete egin behar dira. Baina, prozesua urtebete ingurukoa izan da».
Hala ere, GazteNEK planaren barruan egoteak prozesua erraztu diola dio: «Tutore bat ipini zidaten, eta pausoak nondik nora eman behar nituen bideratu ninduen, eta hori lagungarria da».
Aste honetan merkaturatuko ditu berak ekoiztutako arrautzak ErtxiñEko izenarekin; «Ertxin mendia bera aurrez aurre dugu-eta», dio markaz Arruek. Gertuko salmentan jardutea du asmoa, «Urola Kosta bailaran eta gertuko dendari edo merkatarien bidezko zuzeneko salmenta dugu helburu. Bertako produktua bertan saltzea dugu asmoa, geuk ekoiztutakoa zuzenean dendetara eramanez».
Ekologikoaren aldeko apustua egin du. Oiloak belardian eta oilotegian libre ibiltzen dira, eta pentsu eta arto ekologikoarekin elikatzen ditu: «Lanbide honetan hasi aurretik, nire kasa oilo eta oilasko batzuk banituen: pentsua hemen erosten nuen eta zelaian libre hazten nituen, baina ez nuen ekologiko eran egiten orduan. Orain, ekologikoa modan dago, eta ingurumenarekin bat datorren ekoizpena da. Gainera, gaur eguneko gaixotasunak ikusita, jende gehiagok kontsumitzen du ekologikoa, eta bailaran ez dago horrelako ekoizpenik».
Hasteko 500 oilo jarri ditu, baina aurrera begira oilo gehiago jartzeko aukera du oilategian: «Denboraren poderioz mila oiloko kopuru batekin lan egiteko asmoa dut».
Angel Olabarria Zumaian martxan jarri duen zapatak konpontzeko dendan (Nerea Uranga/Hitza).
Lanik gabe, noraezean
Txititatik ezaguna zuen lanbideari heldio dio, berriz, Angel Olabarriak (Azpeitia, 1961). Azaroaren hasieran oinetakoak konpontzeko lanean hasi zen Zumaian, Agedita zapata denda zabalduz.
Datorren martxoaren 25ean 30 urte beteko dira Corrugados Azpeitian lanean hasi zela, garai hartan Marcial Ucin. «28 urtean jardun nuen bertan lanean, eta Corrugados itxi zenetik bi urte langabezian egin ditut». Bost urtez erreleboko galdategian jardun zuen, gero urtebetez laborategian ibili zen, eta handik lantegiko erosketen sailera pasatu zuten. «23 urte sail horretan jardun dut lanean, eskuak asko zikindu gabe, egia esanda».
Gero, langabezian gelditu zen. Curriculumean lan esperientzia bazuen, baina ikasketarik ez: «Nik beti diodan bezala: gu beti gurdibide eta putzuzuloetako ingeniariak izan gara. Eta, horrelako asko gaude lan merkatuan. Curriculumari begiratu eta neure buruari galdetzen nion: honekin nora jo dezaket?». Hedabideetan lan eskaintzei begira ere jardun zuen: «Aukera bat sortu zitzaidan, baina bi aurkeztu ginen, eta bestea hartu zuten; lankide ohia izandakoa eta ikasketaduna». Kontuak horrela, aukerak aztertzen jardun zuen, eta komertzial hastea ere otu zitzaion: «Bi edo hiru aukera izan nituen, baina ez ninduten gogobetetzen».
Etxeko erroetara joz
Orduan, bere gurasoen lanbideari heltzea pentsatu zuen Olabarriak: oinetakoak konpontzen hastea. Gurasoek, Azpeitian Iturri Txikineko Agedita zapata konponketako denda eduki zuten. «Ni altzairugintzan hasi aurretik egur lanean ibili nintzen, eta gero itxi egin zen, eta urte eta erdian aitari laguntzen jardun nuen. Beraz, aurretik lanbide honen ezagutza pixka bat banuen».
Baina, oinetakoak konpontzeko lanbideari ekin aurretik, urtebete inguruko bidea egin behar izan du Olabarriak: «Iaz, bateren batek lanbidea erakutsiko ote zidan galdezka, Donostiako oinetako konpontzaile guztiak pasatu nituen. Hitz onak jaso nituen, baina inork ez zuen erakusteko prestutasunik».
Koinataren bidez Erandion (Bizkaia) ikastaro bat zegoela jakin zuen azpeitiarrak, «baina, bertan erroldatuta egon behar zen, eta gainera ikastaroa hasita zegoen». Baina, kasualitatez, ikastaro horretako irakasleak ondoren beste ikastaro bat eman zuen bere kasa: «Hor izena eman eta hiru hilabeteko ikastaro bat egin nuen, maiatzetik uztailera bitartean. Egunero bost ordukoa zen». Ondoren, Azkoitiko eta Azpeitiko konpontzaile batzuekin ere egon zen.
Zumaiako oinetakoen konponketako dendaren aukera hedabide baten bidez jakin zuen: «Egunkari batean Zumaian denda hau eskualdatzen zenaren iragarkia ikusi nuen, eta neure aukera hortxe ikusi nuen». Uztaila zen. «Irailean dendaren jabearekin harremanetan jarri nintzen, eta urriaren 3an kontratua sinatu genuen». Hilabeteko epean denda ireki behar zuela pentsatu, eta bide hori egiten hasi zen Olabarria: «Lortu nuen: batekin eta bestearekin hitz egin, presa sartu eta azaroaren 3an ireki nuen. Gauza batzuk falta nituela hasi nintzen, baina abiarazi nuen».
Gustura eta pozik
Zumaiako dendari amaren izena jarri dio Olabarriak: Agedita. «Gure lehengo Azpeitiko zapata denda Iturri Txikiko Agedita zen, eta herrian ni Iturri Txikiko Ageditanekoa naiz. Zapata denda hartan aitari eta amari ateratako argazki batzuk banituen, eta haiek digitalizatzen eta logoa egiten Azpeitiko Argazki Elkarteko lagun batzuek lagundu didate», azaldu du Olabarriak. Hala, zapata dendaren irudia bere gurasoena da. «Aita hilda dago, baina ama denda inauguratu aurreko egunean etorri zen ikustera, eta asko hunkitu zen».
Lan eta proiektu berriarekin pozez gainezka dago Olabarria. «Zapata denda ireki dudanetik lanik ez dut falta izan, eta oso gustura ari naiz lanean. Benetan, pozik nago».