Bi kontzertu eskainiko dituzte asteburuan, Zarauzko Gitarra Jaialdian

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko abenduaren 3a

Urtero bezala, ohiko hitzordua izango da asteburuan: 21. Zarauzko Gitarra Jaialdia. Aurten, ordea, ez du Airean Euskal Herriko Gitarra Elkarteak antolatu. Bertako lehendakari Eduardo Baranzanok jakinarazi du jaialdi hori antolatzeak «lan gehiegi» eskatzen diela. Hori dela-eta, aurten Zarauzko Kultura Sailak hartu du haren lekukoa, eta hitzordu hori mantentzea erabaki du, Baranzanoren arabera, herrian «ongi errotutako jaialdia» delako. Horren ondorioz, aldaketa bat izango da jaialdiko ohiko formatuan. Aurten ez dute Admira gitarra lehiaketa egingo. Gainontzean, Gitarra Jaialdiko ekitaldiek antzekoak izaten jarraituko dute.  Aurreko urteetako joerarekin jarraituz, aurten ere bi eguneko egitaraua prestatu dute, eta Baranzanok aurreratu du «era askotako saioak» izango direla. Larunbatean zein igandean, kontzertu anitzak eskainiko dituzte Modelo aretoan, 22:00etatik aurrera. Sarrera bi egunetan doan izango da. Larunbatean Irungo, Iruingo eta Asturiasko (Espainia) laupabost bakarlarik emango dute kontzertua. Tartean, Jorge Break eta Idoia Apariciok. Hain zuzen, Break irabazi zuen Zarauzko XIX. Gitarra Jaialdiko lehiaketa iaz, erdi mailako kategorian. Ekitaldiaren bigarren zatian Irungo eta Xixongo (Herrialde Katalanak) orkrestrek eskainiko dute emanaldia. Tartean, berriz, Ruta 66 pop-rock taldeak hartuko du parte. Igandean Ehun Hari taldea taularatuko da: Iruingo Goi Mailako Kontserbatorioko Gitarra Taldea da. Eta ondoren, Gitarra Jaialdiari amaiera emateko, bertan parte hartu duten orkrestren emanaldia izango da, Irungo, Iruingo eta Xixongo orkrestrena, lehenbizi bakarka eta bukaeran guztiek elkarrekin. Guztira, 50 gitarra jole inguruk hartuko dute parte emanaldi horretan. Halaber, ikastaroak ere eskainiko dituzte. «Fruitu asko» Gitarra Jaialdi hori antolatzeak «esfortzu handia» eskatzen duela ohartarazi du Baranzanok, «zentzu guztietan». Hala ere, 20 urtek «fruitu asko» eman dituztela aitortu du. Izen handiko gitarra joleak pasatu dira Zarauztik: musikari batzuk aipatzearren, Leo Brower, David Russell eta Alvaro Pierri. Era berean, Admira lehiaketan parte hartu duten asko egun gitarra jole profesionalak direla nabarmendu du. Jaialdi horrek Euskal Herrian gitarra mugimendua errotzeko balio izan duela gaineratu du Baranzanok.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide