Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzoko udalbatzarrean onartu zituen Azpeitiko Udalak datorren urteko udal aurrekontuak. Bilduren aldeko botoekin onartu ziren. Izan ere, EAJk eta Hamaikabatek kontrako botoak eman zituzten. 2015eko aurrekontua 18.362.892,83 eurokoa izango da, ia 230.000 euro gehiago, iazko udal aurrekontuekin alderatuta (18.133.862,02 euro 2014an).
Agintaldiaren azkenengo aurrekontu hauek «hiru iturritan oinarritutakoak» direla azpimarratu zuen Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak: alde batetik, herritarren eta eragileen ekarpenak izan dira kontuan, Denon Artean aurrekontu parte-hartzaileen bitartez jaso baitituzte herritarren eta herriko eragileen eskaerak. Bestetik, Azpeitia 2025 plan estrategikoaren barruko ekarpenak izan dituzte kontuan eta, azkenik, alderdien ekarpenak daude.
Horrez gain, udal gobernuak esan zuen aurrekontu hauek bost ardatz nagusitan oinarritzen direla. Lehenengoa ekonomia erreaktibatzen laguntzen jarraitzea da. Udal gobernuak azpimarratu zuenez, ekonomia aurrekontu hauen «lehentasuna» da, baina ez bakarra. Hain zuzen, bigarren ardatza da herritarren aldeko politikari «lehentasuna» ematea. Udal zerbitzuen kalitatea mantentzeko nahia ere azaldu zuen udal gobernuak. Azkenik, beste bi ardatz dira ingurugiro arloan lanean jarraitzea eta herritarrek eskatzen dituzten beharrezko egiturak egitea.
Ekonomiari dagokionez, «apustu izugarria» egin dutela esan zuen alkateak, eta aurrekontu hauek Azpeitiaren «motorra» direla azpimarratu zuen. Herritarren aldeko politikei dagokienez, esan zuen Azpeitiko Udala dela bakarra, bere tamaina kontuan izanda, gizarte laguntza «propioak» dituenak.
Udalak eskaintzen dituen zerbitzuen kalitatea mantentzeaz ere hitz egin zuten: «eraginkorrak» izaten jarraitzeko asmoa adierazi zuten, besteak beste garbiketa eta brigadaren funtzionamenduari dagokionez.
Laugarren ardatzari dagokionez, «ingurugiroa errespetatzeko» hondakinen bilketa sistema garatzeko helburua du udalak: «Hondakinen bilketaren arloan erabakiak hartu behar dira. Mankomunitateak aurreikusi du sistema berri horrek izango duen gastua; 1.260.000 eurokoa izango dela dio. Orain, egokia den ala ez erabaki behar dugu», esan zuen alkateak. Azpeitiko EAJk hainbat kritika egin zuen gai honen inguruan. Aurrena salatu zuen orain egun gutxi jaso zutela txostena hondakinak biltzeko edukiontzi komunitarioen sistema ezartzeak ekarriko duen gastuari buruz: «Azken unean eman zaigu txosten hori eta hori adar jotse hutsa dela iruditzen zaigu». Ondoren, gaineratu zuten «alkateak berak» ez duela bat egiten txostenaren barruko eduki guztiarekin.
Oposizioa aurka
Hamaikabatek eta EAJk aurrekontu hauen aurka bozkatu zuten asteartean. Hamaikabatek ez zuen adierazpenik egin nahi izan. Azpeitiko EAJk, berriz, eman zuen bere iritzia. Alderdi horren arabera, arlo askotan «atzera» egiten ari da udal gobernua, eta horren ondorioz 2015eko aurrekontuei ezezkoa eman zien: «2012an aurrekontuen kontra egin genuen, 2013an ez genuen botorik eman, eta 2014. urtekoei baietz esan genien. Urtero azterketak eta eztabaidak agindu dira, baina aurrekontuen unea iristen denean, hasierako puntuan gaudela dirudi, eta horrek ez du sinesgarritasunik adierazten», azpimarratu zuen Aitor Gorrotxategi Azpeitiko EAJko bozeramaileak.
Kritika orokorraz gain, zehaztasunetara ere jo zuen Gorrotxategik. Esaterako, Larre-Larrin industria eremua abian jarri behar dela esan zuen: «Industriarako lurra prestatu behar da enpresak ez daitezen joan beste herrietara eta enpresa berriak ere hona etor daitezen. Eta horretan udala gehiegi luzatzen ari da».
Hitzarmenei eta azpikontratazioei dagokienez, «hausnarketa falta» dela iritzi zion Azpeitiko EAJko udal taldeak: «Erantzun gabeko galdera asko ditugu, eta udalak errazena egin du: luzapenera jo gaiari adarretatik heldu gabe».
«Soreasu betetzeko plan bat» zehaztu behar dela ere esan zuten EAJkoek. Antzokiari «erabateko bultzada» eman behar zaiola uste dute, «Azpeitiko kulturgune integrala izan dadin».
Denon Artean egitasmoa
Bestalde, udalak jakinarazi du amaitu dela Denon Artean aurrekontu parte-hartzaile prozesuan parte hartzeko epea. Datuak eman ditu: 225 proposamen jaso dituzte guztira herritarren partetik. Hala, udalak proposamen horietako batzuk aukeratu ditu 2015eko udal aurrekontuetan sartzeko: sustapen ekonomikorako diru partida bat; gazteentzat alokairurako laguntzak; bidegorri sarea indartzea eta Urrestillarakoa egitea; herriko sarrera txukuntzea; autokarabana gunea egitea; eta gizarte laguntzak, besteak beste.
«Herria herritarrekin elkarlanean eraikitzea da Denon Artean-en funtsa, eta bide horretan aurten beste pauso bat eman dugulako gustura gaude emaitzarekin. Elkarlanean oinarritzen da gure herria egiteko filosofia, eta horretan ari gara», azpimarratu du Azpeitiko Udalak. Eskerrak eman dizkie bileretan eta bestelako bideen bitartez parte hartu duten guztiei.