EUSKARA. Euskararen inguruko hausnarketa egin dute Zarauzko ikastetxeetako DBH 4. mailako ikasleek (Aiora Larrañaga/Hitza).
«Ez dugu nahi abenduaren 3a, Euskararen Eguna, sinbolo hutsa izaterik. Izan ere, guretzat egunero da Euskararen Eguna; euskaraz ez bada, ez baikara». Halaxe hasten da gaurko egunaren harira Azpeitiko Natul euskara taldeak zabaldu duen oharra.
Euskararen aldeko eragile orok nahi du urteko 365 egunak izatea euskararen egunak. Etxetik hasi eta kalean, eskolan, lantokian, saltokietan, osasun etxean... erabiltzeko eskubidea izatea, eta erabiltzeko hautua egitea.
Ikastetxeek prestatutako egitarauak izango dira nagusi gaur, baina herrietan udalek eta bestelako eragileek ere prestatu dituzte ekitaldiak. Azkoitian, esaterako, ostegunetako pintxo potea egun bat aurreratu, eta gaur egingo dute Euskara Mahaiak eta tabernariek hala adostuta.
Euskararen Egunaren harira egitarau oso bat antolatu da Urola Kostako herrietan. Aste osoan zehar egingo dituzte ekintzak, eta asteburuan ere izan da euskara aldarrikatzeko aukerarik. Zumaian, adibidez, adin eta era guztietako herritarrak bihurtu zitutzen protagonista larunbatean. Hainbat herritar elkartu zen jai giroan Zumaian euskaraz bizi lelopean: talde argazkia atera zuten, eta ondoren trikitilariekin kalejiran joan ziren Beheko Plazako aterpera, salda beroa eta txorizo pintxo batzuk dastatzera.
Hizkuntza, hezkuntzatik
Euskararen Eguneko ekitaldi batzuk azalagokoak dira, beste batzuk sakonagoak. Adibidez, hezkuntza arloan ari dira lanean herri askotan, eta horrek izan du isla egunotan. Zarautzen, esaterako, udalak euskararen erabilerari buruzko hausnarketa bat egin du herriko ikastetxeetako DBH4ko ikasleekin. Eta atzo goizean udaletxean izan ziren ikasleak, udal ordezkariei hainbat iritzi eta proposamen helarazteko. Euskararen erabilera izan zuten hizpide; zerk bultzatzen dituen erabiltzera, eta zerk urruntzen dituen euskaratik. Azpeitian ere badute esku artean hezkuntzarekin lotutako egitasmorik. Hitanoaren erabilera eta haren arauak nola bizi dituzten landu dute Azpeitiko ikastetxe guztietan 10 urteko gaztetxoek, eta lan horren lagin batekin erakusketa bat osatu dute. Hala, gaurtik abenduaren 10era AzpeitHIKA gaztetxoen kartel erakusketa izango da ikusgai Sanagustinen.