Zarauzko Zumalakarregi kaleko obrek zirkulazioan eragingo dute

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko abenduaren 2a

Atzo ekin zieten Zumalakarregi kalea asfaltatzeko lanei, eta hiru egunetan amaituko dutela aurriekusi du Zarauzko Udalak.  Atzo kale horretako 25A eta 15 eskaratzen arteko zatia asfaltatzekoak ziren, eta gaur 15 eta 9A arteko eskaratzen arteko zatian egingo dituzte lanak. Bihar, berriz, 9A eskaratzetik hasi eta 1 eskaratzera arteko gunea asfaltatuko dute. Behin gune osoa berrituta, pintaketa lanei ekingo dietela jakinarazi dute. Lanak amaitu artean, ohartarazi dute ibilgailuek ezingo dutela sartu obren gunera, baina ordezko bideak egongo dira, zirkulazioari ahalik eta gutxien eragiteko. Halaber, garajeetarako sarrera-irteeretan ere eragingo du, lanek irauten duten bitartean ezingo baita horietara sartu eta atera, gune bakoitzean hiru orduz. Zumalakarregi kaleaz gain, herriko beste hainbat gune ere asfaltatu dute dagoeneko. Aurreko astean Mitxelena kalean egin zituzten lan horiek. San Martin bidean, Mollarri alderako zatian ere egin dituzte asfaltatze lanak. Urtero egin ohi dituen landa lurretako bideen egokitzapen lanen barruan egin du hori udalak. Era berean, Gipuzkoa kalean, Mantzisidor kaleko bidegurutzetik hasi eta 13. zenbakirainoko gunea ere asfaltatu dute, guztira 703 metro koadro. Orsa enpresa arduratu da asfaltatze lan horiez. Udalak 160.844,24 euroko partida gorde du horretarako.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide