Eizmendi, Illarramendi eta Melida, Neguetxearen atarian (Aritz Mutiozabal/Hitza).
Dagoeneko zabalik dago Zarauzko Neguetxea, eta udaberrira arte emango die zerbitzua etxerik ez duten lagunei. Aurten hainbat aldaketa izango da zerbitzuan. Izan ere, 2014-2015 denboraldian Rais fundazioak kudeatuko du gune hori. Aurreko urteetan Gurutze Gorriak eta Caritasek kudeatu izan dute, boluntarioen laguntzarekin. Horregatik, Juan Luis Illarramendi Zarauzko alkateak hiru urtetan bi entitate horiek egindako «izugarrizko lana» aitortu du.
Aurten, ordea, pleguak ateratzea erabaki dute, eta lehiaketa publikoa antolatzea Neguetxea kudeatuko duen erakundea aukeratzeko. Rais fundazioak eskarmentu handia duela esan dute udal arduradunek, eta bertako profesionalek esperientzia zabala dutela gai eta kolektibo horien inguruan. «Helburua ahalik eta zerbitzu onena ematea da; batez ere, bizi dugun egoeran», esan du alkateak.
Kudeatzailea aldatuko bada ere, Neguetxearen funtzionamendua bere horretan mantenduko dute. Urtero bezala, etxerik gabeko pertsonak hartuko dituzte aldundiak Igerain aterpetxearen atzealdean duen etxe horretan, neguko gauak babesean igaro ditzaten. Lo egin, dutxatu eta arropa garbitzeaz gain, beste hainbat zerbitzu eskainiko dizkiete etxegabeei bertan. Afaria eta gosaria emango zaie, eta gainera, egunean zehar bazkaritarako otartekoak eskuratzeko aukera izango dute, Zurekin ostalari elkarteko hainbat kideren eskutik. Besteak beste, Arrano, Txiki Polit, Itxas Lur eta Euskalduna tabernetan otartekoak lortzeko txartelak banatuko dizkiete Neguetxeko erabiltzaileei.
Ane Eizmendi Jendarte Zerbitzuetako zinegotziak adierazi du bakoitzak hiru egun eman ahalko dituela bertan gehienez. Denbora hori igarota, astebete itxaron beharko dute erabiltzaileek bertara itzuli ahal izateko. Hala ere, neurri hori malgua izango da; izan ere, salbuespenak egingo dira «gizarteratze prozesua hasteko borondatea erakusten duten erabiltzaileekin».
Guztira 15 lagunentzat lekua dago Neguetxean. Urtero legez, bi solairuak irekiko dituzte negu honetan ere: bata gizonezkoentzat eta bestea emakumeentzat. «Intimitatea» bermatuko da horrela.
493 lagun guztira
2011n ireki zituen ateak lehenbiziko aldiz Zarauzko Neguetxeak. Negu hartan 101 lagunek hartu zuten ostatu bertan. Hurrengo denboraldietan gora egin zuen erabiltzaile kopuruak. Guztira 179 lagun pasatu ziren Zarauzko Neguetxetik 2012-2013ko neguan, eta iaz, berriz, 213 pertsona. Gehienak gizonezkoak direla jakinarazi du Eizmendik.
Urtero goraka doan joera hori ikusita, boluntarioen beharra nabarmendu dute Illarramendik eta Eizmendik. Izan ere, eremua koordinatzeaz, gizarteratze prozesuez eta zaintza lanez elkarte hori arduratuko bada ere, beharrezkoa izango da boluntarioen laguntza. Horregatik, lagundu nahi dutenek Gizarte Zerbitzuekin (Zigordia kalea 33, behea helbidera joz edo 943- 005111 telefonora deituta) jar daitezke harremanetan.
Udaberrira arte egongo da zabalik gune hori. Izan ere, zerbitzua urte osora zabaltzeko bi zailtasun dituzte. Batetik, gunea negu osoan irekita mantentzeak 55.000 euroko kostua du, eta urte osora zabalduz gero, hirukoiztu egingo litzateke. Bestetik, aldundiaren eraikin hori udan gazteen aterpetxe gisa erabiltzen dute. «Neguetxea adabaki bat da; honekin ez dugu inoren bizitza konpontzen», nabarmendu du Jokin Melida aldundiko Gazteria zuzendariak. «Ari garena da justu-justu oinarrizko beharrak asetzen. Pertsonei eman behar zaien arretak integrala izan behar du, baina tamalez, partxe hau behar-beharrezkoa da».