Fraisoroko Eskola-Barata ikastaroko parte-hartzaileak Zaraguetako baratzea bisitatzen. (Egilea: Zaragueta Herri Eskola)
Pasa den ostiralean Frainsoro Nekazal Eskolako ikasleak Zaragueta Herri Eskolan izan ziren eskolako baratzea bertatik bertara ezagutzeko. Izan ere, Fraisoro Nekazal Eskolak Eskola-Baratza ikastaroa antolatu du Edurne Huesaren gidaritzapean. Ikastaroan ikastetxeetan baratze ekologoikoak martxan jartzeko oinarrizko ezagutzak landu dituzte parte-hartzaileek eta baratzean praktikak egiten dituzte. Ikastaroari amaiera emateko bi eskoletako esperientziak ezagutzeko aukera izan dute eta horietako bat izan da Zaragueta Herri Eskolako baratzea.
Zaragueta Eskolako baratzeko arduradun Eli Aldabaldetrekuk azaldu duenez, «Fraisoroko ikasleei baratzak izan duen garapena, antolaketa eta izandako gora-beheren berri eman diegu eta oso esperientzia aberagasgarria» izan da denentzat. «Gure esperientzia baliagarri izatea espero dugu. Ea poliki-poliki inguruko eskoletan ere baratze ederrak ikusten ditugun».
2010-2011 ikasturtean abiatu zuten Zaragueta Herri Eskolan eskola-baratzea. «Orion adineko pertsona askok baratzetxoa izateko ohitura dute, baina belaunaldi berriak ohitura galtzen ari zirela ohartu ginen eta eskola baratzea hori berreskuratzeko bide polita izan zitekeela pentsatu genuen». Orioko Udalak baratzea egiteko lurra utzi zien,tresnak sartzeko etxola egokitu eta ura eraman zuen ingurura. «Gainontzekoa gure ardura da. Ostiralero baratze tailerra lantzen dugu Lehen Hezkuntzako 3. eta 4. mailako haurrekin eta uzta biltzeko garaia iristen denean zozketa egiten dugu ikasleen artean» adierazi du Aldabaldetrekuk. Horretaz gain, Haur Hezkuntzako ikasleek ere parte hartzen dute proiektuan, ikasgelan haziak erein eta baratzean landatzen baitituzte. Gainera, bestelako jarduerak ere egin dituzte baratzearen inguruan: txorimaloa diseinatu eta sortu dute, baratzeko kalabazekin mermelada sukaldatu dute eta elikadura jasangarria eta ingurumenaren zainketa landu dute.
Zaragueta Herri Eskolako baratzea bizi-bizirik izan dadin, eskolako gurasoen parte-hartzea ezinbestekoa izan dela aitortu du baratzeko arduradunak. «Eskerrak eman behar dizkiegu gurasoei eta bereziki Juanjo Idigorasi, proiektua aurrera ateratzeko lan asko egin baitu».