Eragileekin eta auzotarrekin bilduko da Zarauzko EH Bildu datozen hilabetetan

Urola Kostako Hitza 2014ko abenduaren 1a

Zarauzko EH Bilduk larunbatean jarri zuen martxan Puntuz Puntu prozesua. Aritzbatalde kiroldegian egin zuten lehenbiziko herritar topaketa, eta bertan azaldu zituzten Zarauzko EH Bilduko kide Aitor Kortak eta Begotxu Olaizolak prozesuaren nondik norakoak. Horren helburua da zarauztarrei koalizioaren programarako ekarpenak egiteko aukera ematea. Herritarrak "ahaldundu" nahi ditu EH Bilduk, "hurbiltasunezko" politiken aldeko apustua eginez. "EH Bilduk Zarautz eraldatzeko konpromisoa hartu zuen, Zarautz demokratikoago eta herritarrago bat eratu nahi izan dugu", nabarmendu zuen Olaizolak. EH Bilduk zarauztarrak politiken "erdigunean" jarri nahi dituela gaineratu zuen Kortak: "Behetik gora eraikitako Zarautz bat asmatzea izan da gure apustua". Eta zentzu horretan abiatu dute Puntuz Puntu prozesua, herritarrekin batera osatzeko 2015eko udal hauteskundeetarako EH Bilduren programa. Larunbateko batzarraz gain, beste hainbat egingo dute datozen hilabetetan. Alde batetik, herriko bost auzotan izango dira EH Bilduko ordezkariak, bakoitzeko beharrak "lehen eskutik" jasotzeko. Bestetik, alor ezberdinetako—Hezkuntza, Kultura, Kirola, Sozioekonomia eta Tokiko Garapena— eragileekin ere bilduko dira. Horrez gain, programan parte hartu nahi duen orok zarautz@ehbildu.net helbidera bidali ahalko ditu proposamenak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide