Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Donostian gaur jokatu dira Gipuzkoako maratoiko eta maratoi erdiko txapelketak, Donostiako Maratoiarekin eta Maratoi Erdiarekin batera. Azpeitia-Azkoitia Xeye Atletismo taldekoek emaitza onak izan dituzte: Gipuzkoako Maratoi Erdiko txapela Pedro Muñoz azkoitiarrak (01:10 denboran egin du) irabazi du; eta, Gipuzkoako Maratoi Txapelketako podiuma lortu du Nerea Azpiazu azpeitiarrak (03:07 denboran bukatu du) hirugarren eginda.
Muñozek HITZA-ri azaldu dionez ez zuen espero aurrena egitea, eta gustura dago egindakoarekin: "Denboraldiko nire erronka ez zen maratoi erdiko txapela irabaztea, kroseko denboraldian murgilduta gaude-eta. Hala ere, gustura nago egindakoarekin". Lasterketan nola aritu den ere azaldu du azkoitiarrak: "Maratoia eta erdi maratoia elkarrekin jokatu dira, beraz ni pixka bat gipuzkoarrak zaintzen joan naiz eta haien ondoan, ordea 14. kilometroan alde egitea lortu dut eta aurrena bukatu dut. Sentsazio onekin amaitu dut".
Xeyeko lasterkariek orain dela bi aste hasi zuten kroseko denboraldia Irunen, eta bi aste barru Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Arraten, Eibarren. Orain, oinei atseden pixka bat eman eta krosean pentsatzen hasiko dela esan du Muñozek.