Eskuinean Felix Izeta
Felix Izeta xake jokalari zestoarrak Euskal Selekzioarekin jokatu du gaur goizean Azkoitian egiten ari diren Expochess Nazioarteko Xakeko Topaketan. Eskoziako selekzioko kide batekin aritu da lehian: "Gutxi gora behera espero nuen maila aurkitu dut aurkariengan, baina ni nahiko baldar sentitu naiz. Seitik bost galdu dituzte Euskal selekziokoek gaur goizean, "ez dakit zer gertatu den baina horrelako gauzak pasatzen dira", zioen Izetak goizeko xake partiden ostean. Arratsaldean bera ez da ariko, "ezin dut, lana daukadalako".
Xakeko Euskal selekzioaren beharra aldarrikatu du Izetak ere. "Lagunarteko partida batzuk jokatu izan ditugu Euskal Herrian eta baita hemendik kanpo ere, behin Kubara joan ginen. Baina, horixe lagunartekoak dira".
Izetaren ustez Euskadiko Xake Federazioak ez du ezer egiten Euskal Herriko selekzioa edukitzeko eta lortzeko: "Noizbehinka zerbait antolatzen dute, baina Euskadiko Federazioak nazioarteko federazioari serio behin ere ez dio eskatu selekzioak txapelketa ofizialetan parte hartzeko aukera. Euskal selekzio bat izateko borondate gutxi dute federaziokoek, hori hala izateko ez baitute ezer egiten. Behin neu ere joan nintzen Eusko Jaularitzara Euskal selekzioaren aldeko ahalegin serio bat egiteko eskatzera".