Azpeitiko Landetan San Eloi jaiak izango dituzte astelehenetik aurrera

miriam tamayo 2014ko azaroaren 28a

Urteroko egutegia errespetatuz, datorren astean ospatuko dira Azpeitian Landeta auzoko San Eloi festak eta hainbat ekitaldi antolatu dituzte egun horietarako. Astelehenean izango da jaien hasiera eta egun horretan auzo bazkaria egingo dute Bordatxo tabernan. Beñat Lizaso eta Haritz Etxeberria bertsolariak eta Felix eta Eider soinujoleak egongo dira bazkaria alaitzeko asmoz. Seigarren urtez ostegunean  egingo dute aurtengo Eloy Deunaren Mus Txapelketa Azkarra, Mendizabal erretegian. Izen ematea txapelketaren egunean izango da 20:30ean hasita, eta antolatzaileek diotenez, partaide kopurua mugatua izango da. Bikoteko 20 euro ordaindu beharko dira. Mus Txapelketa irabazten duen bikoteak 300 euro eta txapela eramango ditu, bigarren sailkatuak 200 euro eta kilo bat babarrun eta hirugarren sailkatutako bikoteak, berriz, arkume bat eta kilo bat babarrun jasoko ditu trukean. Laugarren postuan geratzen direnek, azkenik, bi lagunentzako afaria jasoko dute sari moduan. Herri kirolak eta musika Saneloietako azken egunean, abenduaren 7an, aurten auzoan hil direnen aldeko meza ospatuko dute Esklabetako elizan, goizeko 11:00etan. Ondoren, eguerdi partean herri kirolak egongo dira.  Otaño eta Larrañaga aizkolariak, Xabier Busta eta Joseba Perrax eta Aresoko neskak izango dira bertan. Bertsolariak eta soinujoleak ere egongo dira egun osoan zehar. EGITARAUA: Abenduak 1, astelehena - 14:30ean. Auzo bazkaria Bordatxo tabernan. Bertsolariekin eta soinujoleekin. Abenduak 4, osteguna - 21:30ean. Eloi Deunaren VI. Mus Txapelketa Azkarra. Mendizabal erretegian. Abenduak 5, ostirala - 21:00etan. Txerri Boda Landeta jatetxean. Abenduak 7, igandea - 11:00etan. Hildako auzokoen aldeko meza Esklabetako elizan. - 12:00etan. Umeentzako zezen txikiak, pottokak eta jolasak. - 12:00etan. Imanol eta Eneko soinujoleak eta bertsolariak auzoan zehar. - 13:00etan. Herri kirolak Landetan: aizkolariak, harrijasotzaileak eta trontzalariak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide