Zabortegiak, berriz ere eztabaidagai

Amaia Ventas Aldabaldetreku 2014ko aza. 28a, 05:00

Beste behin ere, hondakinez eta zabortegiez eztabaidatu zuen Zarauzko Udalbatzak herenegungo Osoko Bilkuran. EH Bilduk mozio bat aurkeztu zuen Eusko Jaurlaritzari Gipuzkoako zabortegiak ixteko neurriak har ditzan eskatzeko. Azken albisteen harira egin zuen koalizioak eskakizuna. Azaroaren 19an Eusko Jaurlaritzak Zubietako TMB Tratamendu Mekaniko Biologikorako planta egiteko baimena luzatzeari uko egin zion, eta hainbat ondorio ekarri du horrek. Mikel Goenaga EH Bilduko zinegotziak erabakia berraztertzeko eskatu zion Jaurlaritzari, eta «alderdi interesak ez erabiltzeko». «Ingurumen gaiak sentsibilitate handikoak dira, eta arduragabekeria da gai hauek alderdikeriaz erabiltzea», esan zuen. Goenagak ohartarazi zuen zarauztarrak «nabarmen kaltetu» ditzakeela EAJren erabaki horrek, eta hori dela eta, Gipuzkoako zabortegiak iragarritako epeetan itxi daitezen eman beharreko pausoak emateko galdegin zion. Gehiengoz onartu zuten eskaera, eta Jaurlaritzako Ingurumen Sailera bideratuko du udalak. Dena dela, harridura sortu zuen eskaerak oposizioarengan. EAJko Imanol Lasak iritzi zion ez dela serioa.«Broma ematen du», esan zuen Ezker Anitzako Mariana Aranburuk, eta «sinesgaitza» dela PSE-EEko Gloria Vazquezek. Lasak «arduragabekeria» leporatu zion Bilduri, eta baita «EAJganako obsesioa» ere. Zabortegiak ixteko plangintza oso bat behar zela esan zuen. «Legealdia bukatzera doa, zabortegia lepo dago eta mahai gainean ez dago konponbiderik. Eta horren ardura Bildurena da». Koalizioari eskatu zion ezarritako epeetan ixteko, baina «berme guztiekin». Aranburuk salatu zuen Bilduk ez dituela «etxekolanak egin» eta orain EAJri leporatu diola oztopoak jartzen aritzea. «Goitik behera kakaztu egin duzue gaia, eta guztia nahastu duzue». «Zuek zineten zabortegia itxi behar zenutenak, eta zuek zarete ez daukazuenak itxita», gogoratu zuen Vazquezek. Batzar Nagusietan itxiera epeak hitzartuta zeudela gogoratu du, eta Bildu ez balitz gobernuan egongo, itxi egingo zirela. «Zuek mantenduko dituzue zabortegiak irekita». Koalizioak ez duela ezer egin salatu zuen Vazquezek, eta Jaurlaritzari bota diola errua: «Aurrez onartuta zegoen plana bertan behera utzi eta zerotik hasi zarete. Eta orain, hondakin ugari daukagu eta ez dakigu zer egin horrekin. Orain bai daukagula arazo ikaragarri bat». Bilduri leporatu zion aurrez bazekiela hori gertatutako zela, «eta estuasun horretatik ateratzeko amarru hori asmatu du». Goenagak esan zuen mozioak ez dioela Urteta itxiko ez denik, eta planarekin jarraituko dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide