Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Zarauzko Udalak hainbat diru laguntza ematea erabaki zuen herenegungo udalbatzarrean. Tartean, herriko arlo sozioekonomikoa sustatzeko laguntzak martxan jartzea. Aho batez onartu zuen hori udalbatzak—PP ez zen izan udalbatzarrean—. Erabaki horrekin herritarrei «egoera gogorrei aurre egiten» lagunduko die erakundeak, Iñaki Eizagirre Ogasun zinegotziak adierazi zuenez. Hiru motatako laguntzak emango ditu aurten. Batetik, enpresa proiektu berriak diruz lagunduko ditu. Horren harira, zergen eta tasen araberako laguntza emango du, %100ekoa.
Bestetik, enpleguaren sustapenerako ere bideratuko du diru partida bat, hau da, enpresetan lanpostu berriak sortzeko. Enpresek gutxienez lau hilabeteko kontratuak egin beharko dituzte laguntza hori eskatu ahal izateko, eta hilabete bakoitzeko 100 euro jasoko dituzte. Horrekin batera, kontratatua emakumezkoa, hogeita hamar urtetik beherakoa, berrogeita bost urtetik gorakoa ala ezgaitua baldin bada, edo hiru urtetik gora Zarautzen erroldatuta baldin badago, %20 gehiagoko laguntza emango dio udalak enpresari, kasu bakoitzeko.
Hirugarren diru laguntza lerroa 2014. urtean enpresan egokitzapenak egin dituztenei zuzenduta dago, eta horren zenbatekoa ere zerga eta tasen araberakoa izango da. Laguntzak bateragarriak dira; eskatzaile bakoitzak bat baino gehiago eska ditzake.
Abenduaren 15era arte
Guztira, 86.000 euro bideratuko ditu udalak alor horietara. Interesa dutenek abenduaren 15era bitartean egin ahalko dituzte eskaerak. Ogasun zinegotziak nabarmendu zuen laguntza horiek azaroan onartu direla, «nahi baino beranduago», baina 2014ko urtarrilaren 1etik aurrera egindako guztia lagunduko dutela.
«Gustura» agertu ziren alderdi guztiak. Dena dela, EAJko zinegotzi Jesus Aranak oroitu zuen EAJk legealdi hasieratik halako neurrien garrantzia nabarmendu duela. Proposamena «berandu» datorrela salatu zuen, eta udal gobernuak ez duela jakin «mezu garbia ematen». «Nahi dugu datorren urtera begira diru laguntza horiek eskuratu ahal izateko baldintzak zeintzuk izango diren garbi azaltzea».
Mariana Aranburu Ezker Anitzako zinegotziak ere esan zuen diru laguntza horiek aurtengo izanda, «harrigarria» dela orain aurkeztea. «Diru gutxi» dela gaineratu zuen, eta nahiago zuela beste modu batera egingo balitz, esaterako, Urola Kostako Udal Elkartearen bidez. Hala ere, udal gobernuaren proposamena babestu zuen. Baita PSE-EEk ere. Gloria Vazquezek gogoratu zuen proposamena oposiziotik datorrela, eta bere alderdiak askotan eskatu duela hori. «Azken urtera arte itxaron behar izan dugu ezkerreko gobernu batek halako diru laguntzak martxan jartzeko».
Presoen senideei laguntzak
Herriko arlo sozioekonomikoa bultzatzea adosteaz gain, onartu zuten EAEtik kanpoko espetxeetan dauden presoen senideei zein erkidegotik kanpo epaitegietara auzipetu gisa joan behar dutenei garraiorako laguntzak ematea ere. Kasu horretan,ordea, alkatearen kalitatezko botoarekin atera zuten aurrera proposamena. Aranburuk azaldu zuen duela bi urte eztabaidatu zutela gai bera, eta bere alderdia sendia horiei laguntzearen aldekoa bada ere, proposamena ez babestea erabaki zuela orduan. Hain zuzen, laguntza sozial bezala planteatzen zuelako udal gobernuak. «Baremo batzuk daude, eta hau guztiz atera egiten da hortik. 50.000 euro arteko soldata dutenek uste dugu ez dutela diru laguntzarik behar». Zarauztarren dirua ezin dela «horrela eman» esan zuen Vazquezek, eta oraingoan ere EH Bilduk laguntzak Ongizatetik bideratzea proposatu duela. «Errenta hori duten familiei ezin zaie eman laguntzarik. Ongizateko laguntzak errenta murritzagatik zenbait zerbitzu jaso ezin dituztenei daude bideratuta». EAJko Imanol Lasak gaineratu zuen laguntzok «behar den lekuan» jorratu behar direla: Giza Eskubideen Batzordean, alegia. Irizpide politikoekin jorratu beharreko gaia dela argudiatu zuen, eta batzorde hori sortzeko eskatu zuen berriz.
«Astero Sevillara zein Parisera bisitan joan behar duten familiek diru laguntza behar dute, bai ala bai», erantzun zien Eizagirrek. Guztira, 6.000 euroko laguntza emango du udalak.