Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gipuzkoako kirol federazioek 30 hautagaitza aurkeztu dituzte Gipuzkoa Kirolak Sarira. Sari horrekin aitortu nahi izaten da banakako kirolariek zein taldeek urtean zehar egindako lana eta erdietsitako lorpenak. Kirol federazio bakoitzak bere hautagaitza aurkeztu du, eta hautagaien artean eskualdeko hainbat ordezkari daude.
Arraunean, Orioko arraun elkarteko Imanol Garmendia eta Ander Zabala daude; sofbolean, Orioko Bate Bizkorrak taldeko kide Ione Iparragirre; pilotan, Tiburtzio Etxeberria oriotarra; surf eta bodyboard atalean, Alex Uranga bodyboarder zumaiarra; eta saskibaloian, Gerdau ISB emakumezkoen kadete azkoitiarra.
Orain, hautagaien zerrenda osatuta, bozketa publikoa ireki dute aurtengo irabazlea aukeratzeko. Botoa emateko epea abenduaren 9ra arte egongo da zabalik.
Publikoarenaz gain, beste bi bozketa talde egongo dira: bata, federazioek osatutakoa. Horiek aipaturiko epe horren barruan berea ez den proposamen bati eman beharko diote botoa. Bestea, hedabideetako profesionalek osatutakoa izango da. Epaimahaia abenduaren 10ean elkartuko da saria nori emateko. Irabazleak 3.000 euro jasoko ditu.
Gipuzkoa Kirolak 2014 sariaren banaketa ekitaldia abenduaren 18an izango da. Hautagai guztiak, federazioko ordezkariak eta beste hainbat kirolari elkartuko dira.
- Eskualdeko hautagaiak:
- Alex Uranga (Zumaia). Mundu mailako bost bodyboardlari onenen artean aurkitzen da.
- Imanol Garmendia eta Ander Zabala (Orio). Munduko txapeldunak aulki mugikorreko 23 urtez azpiko pisu arineko mailan .
- Ione Iparragirre (Orio). Orioko Bate Bizkorrak taldearen sortzailea eta jokalaria. Bere ekarpena erabakiorra izan zen taldea ohorezko mailara igotzeko. Arrazoi pertsonalengatik urte batzuk taldetik kanpo egon ondoren, bueltatu egin da gazteei bere esperientzia eskaintzeko.
- Tiburtzio Etxeberria (Orio). 20 urteko ibilbidea du. Palista guztientzat eredua. Garaipen zerrenda luzea.
- Gerdau ISB (Azkoitia). Espainiako txapeldunorde nesken kadete mailan.