Abenduaren 8an amaituko da Azpeitiko 3x3 Futbol Festan izena ematea epea

miriam tamayo 2014ko azaroaren 28a

Azpeitia Cup kirol elkarteak 3x3 I. Futbol Festa antolatu du. Urtarrilaren 2an, 3an, eta 4an izango da,  eta bertan eskualdeko hainbat herritako neska-mutilek hartuko dute parte (Azkoitia, Azpeitia, Errezil, Zestoa, Zumaia, Getaria eta Zarautz). Futbolaz gain, beste hainbat ekintza ere antolatu dituzte egun horietarako: besteak beste pailazoen emanaldiak, bertso saioak, trikitilariak eta ikastaroak. Futbol partidak Betharrametan jokatuko dituzte, eta horretarako, belar artifizialeko bi futbol-zelai txiki jarriko dituzte. 5 urtetik 11 urtera bitarteko haurrek izango dute bertan parte hartzeko aukera (2003-2009 urteen artean jaiotakoek, urte horiek barne) eta izen ematea Azpeitiko Halcon Bidaiak bulegoan edo Azkoitiko Plaza Berri Sport dendan egin ahalko da. Hala ere, Azpeitia Cupeko webgunean ere eman daiteke izena. Izena emateko epea abenduaren 8an amaituko da, eta jokalari bakoitzak 10 euro ordaindu beharko ditu. Talde bakoitza 4 jokalariz osatutakoa izango da (3 jokatzen ariko dira eta bat ordezkoa izango da) eta mutilez edo neskez osatuta nahiz nahastuta jardun ahalko dute. Partida bakoitzak 10 minutu iraungo ditu, atsedenik gabe. Talde bakoitzak 5 partida jokatuko ditu, eta jokalari bakoitzak txapelketako elastikoa eta domina jasoko ditu. Haurren bat talderik gabe egonez gero, antolatzaileak arduratuko dira hutsuneak estaltzeaz. Dagoeneko 200 haur inguruk eman dute izena futbol festa honetan parte hartzeko, antolatzaileek jakinarazi dutenez: «Oraingoz 50 talde osatu dira, baina izena emateko epeak zabalik jarraitzen du. Izena ematen duten haur guztiak onartuko ditugu. Adibidez, Zarauztik uste baino haur gehiagok eman du izena». Informazio gehiago nahi izanez gero, 682-176381 telefono zenbakira deitu daiteke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide